Tito Vespasiano Augusto
(Lat. Titus Flavius Sabinus Vespasianus). Erromatar enperadorea 79-81 urteetan (Erroma, 39 - Cutilia, Sabina, 81). Vespasianoren semea zen. Britainian eta Germanian ibili ondoren, Judeako kanpainan jardun zuen armadako buru izan zen 67. urtetik aurrera, eta Jerusalemgo hiria hartu eta suntsitu zuen 70ean; kronika batzuen arabera, milioi bat judu inguru hil ziren gerra hartan. Garaipen hura guztiz ospatu zen Erromako hirian eta itzuli ondoren (71), inperioko gudaroste guztietako agintari nagusi egin zuen Vespasianok. ondorengo urteetan, ordea, guztiz ilundu zen haren ospea zeraman bizimoduagatik eta egoera hura larriagotu baizik ez zen egin, Berenize, Herodes Agripa II.a Judeako erregearen arreba, Erromara maitale gisa eraman zuenean. 79. urtean enperadore egin zutenean, Neronen gisako agintaldia espero zuen Erromako herriak, baina ez zen horrelakorik gertatu, eta Tito inperioko hiritarren egoera hobetzen saiatu zen. Nolanahi ere, hondamendi handiak gertatu ziren Erroman eta Italian haren garaian: sute bat Erroman, izurriteak eta Vesubio sumendiaren erupzioa, Herculano eta Pompeiako hirien suntsipena ekarri zituena. Domiziano anaia izan zen hurrengo enperadorea.
- titiburu
- Titikaka
- titiko
- titiko
- Tito Livio
- Tito Vespasiano Augusto
- Tito, santua
- Tito
- Podgorica
- titonido
- Titulescu, Nicolae