Tito Livio
(Lat. Titus Livius). Erromatar historialaria (Patavium, egungo Padua, K.a. 64 edo 59 - Erroma, K.o. 19). Erromako historialari nagusietako bat izan zen, Salustiorekin eta Tazitorekin batera. Eragin handia izan zuen luzaroan Erromako historiaz idatzi zuen liburuak, Ab Urbe condita libri (K.a. 25 - K.a. 9). Sorterrian bizi izan zen gaztetan eta greziar kultura, filosofia eta erretorika ikasketa sakonak egin zituen garai hartan. Zesar hil ondorengo gerra zibilak amaitu ondoren, Octavio nagusitu eta gero (K.a. 31), Erromara jo zuen eta bertan ekin zion aurreko urteetan mamitzen aritu zen lan Erromako historia bat idazteari. Han ezagutu zituen garai hartako erromatar idazle handienak, Horazio, Virgilio, Ovidio. Filosofia eta erretorika liburu batzuk idatzi zituen, baina ez dira gaurko egunean ezagutzen. Bere obra nagusia, Erromako historia, 142 liburutan banatu zuen; 11-20 eta 46-142 bitarteko liburuak galduak dira ordea. Kronologiaren arabera antolatu zuen obra, Erromako hiriaren sorreratik K.a. 9. urtea bitarteko kronika. Politika ikuspegien gainetik behin eta berriz goraipatu zuen Erromaren handitasuna, eta Erroma ideal, heroiko, langile eta zuzen baten aldeko ikuspegia zabaltzen saiatu zen. Horrez gainera, ordu arte Erromako historialarien artean nagusi izan ziren greziar hizkuntza eta idazkera moduak baztertu eta latinaren hizkuntza baliabide guztiak maisuki erabili zituen eta Erromako idazle klasiko bihurtu zen horri esker.