tirania
iz. Tiranokeria. v Tirania Grezian sortu zen K.a. VII. mende inguruan, salerosketa nagusi zen hirietan, besteak beste Korinton, Epidauron, eta geroago Atenasen eta Siracusan. Garai hartan Greziako hirietako aginpidea aristokrata oligarken esku zegoen; haien interesak, ordea, ez zetozen merkatari eta eskulangileen interesekin bat eta egoera horretan aitzakia harturik zenbait aristokrata handinahik, hiritarren eskubideak babestuko zituztelakoan merkatari eta eskulangileen laguntza lortu eta haiek zuten indarrari esker aginpidea eskuratu zuten. Tirano askok, ordea, beren indarra eta ondasunak babestearren nagusikeriaz eta ankerkeriaz jokatu zuten, gainerakoen eskubideak kontuan hartzeke; jarrera hura zela eta, tiranokeriak gaitzespen zentzua hartu zuen pixkanaka, Atenasen erregimen demokratikoa eta konstituzioa indarrean jarri zirenetik bereziki. Dena dela, gaur egun aginpidea indarrez hartzen duen eta nagusikeriaz eta ankerkeriaz diharduen gobernua izendatzeko diktadura hitza erabiltzen da tiranokeria baino gehiago.