Tirana
Albaniako erdi-mendebaleko hiria, izen bereko barrutiko eta Tirana-Durres eskualdeko hiriburua, Ishm ibaiaren ertzean. 238.100 biztanle (musulmanak gehienak). Unibertsitatea. Nazioarteko aireportua. Albaniako merkataritza eta industria gune nagusia da; ehungintza, janari industria, eraikuntzarako gaiak, altzairugintza eta zapatagintza dira industria garrantzizkoenak eta hiritik hurbil ikatz eta lignito hobi handiak ustiatzen dira. v Historia. XVII. mendean sortu zuten hiria eta 1920an Albaniako hiriburu egin zuten. 1939. urtean italiarrek okupatu zuten eta handik gutxira alemaniarrek inbaditu zuten. Albaniar abertzaleen babeslekua izan zen eta 1946an hantxe aldarrikatu zuten Albaniako errepublika sozialista herritarra.