tetanos
iz. Med. Eritasun kutsakorra, Nicolaier-en baziloak (Bacillus edo Clostridium tetani delakoak) eragina, nerbio sistemari eraso eta nahita mugitzen diren giharrak tetanizatzen dituena. Eritasuna Nicolaier-en baziloaren pozoiak eragiten du, eta beti kanpotik, zaurietatik eta, hartzen da zuzenean. Eritasuna hartu berritan zauriaren ingurua lokartu eta inurritu egiten da, eta lepagaineko mina sortzen da. Gero, eritasuna nerbio sistemara eta giharretara zabaltzen da; aurrena, aurpegiko giharretara eta ondoren beherantz: lepora, gorputzera, besoetara eta zangoetara. Sukar handia agertu ohi da (40 °C-tik gorakoa) eta glotisa, faringea eta arnasketako giharrak dardarka hasten dira; dardar horiek eria itota edo akituta hiltzera eraman dezakete. Bada tetanosaren aurkako txertorik, baita suero berezi bat ere, baina betiere eritasunari aurrea hartu behar zaio, behin hartaz kutsatu denean oso zaila izaten baita sendatzea.