Teseo
(Gr. Theseus). Mit. Greziako mitologian, Atenasko erregea. Egeo erregearen eta Etraren semea zen. Elezaharraren arabera, ezin zen Atenasera joan bere aitak ezpata azpian utzi zuen harritzarra altxatzeko gauza izan arte. Atenasen Egea bere emaztearen mende bizi izan zen. Kretara joan zen eta Kretako Labirintuan Minotauroa hil ondoren, Ariadnak emandako harilari esker aurkitu zuen irteera. Ariadnarekin batera Kretatik ihes egin zuen, baina Naxos-en abandonatu zuen hura. Minotauroa hiltzen bazuen bere belaontziko bela beltzen ordez zuriak ezarriko zituela agindu zion aitari, baina ahaztu egin zitzaion, eta aitak, ontziak bela beltzak zeramatzala ikusi zuenean, bere burua itsasora bota zuen. Harrezkero itsaso hura Egeo deitu zen. Teseo Atenasko errege egin zen, eta Atika gehiena konkistatu zuen. Itsasoan lapurretan ibiltzen zen, eta bere espedizioetako baten ondoren, Antiope amazonarekin itzuli zen, baina hura abandonatu eta Fedrarekin elkartu zen. Horren ondorioz, amazonek Atenas inbaditu zuten eta haien aurka borrokatu behar izan zuen. Teseo kanpoan egon zen bitartean atenastarrek beste errege bat aukeratu zuten eta hark Zirora erbesteratu behar izan zuen. Likomede erregeak hil zuen. Atenastarrek Heraklesen antzeko heroi handi bihurtu zuten Teseo.