Sutlej
Indiako eta Pakistango ibaia, Indo ibaiaren adarra. Tibeteko mendietan jaiotzen da, itsas mailatik 4.800 metrotara. 1.600 km luze da. Goi ibilguan, ipar-mendebalerantz jotzen du, eta gero, hego-mendebalera, Himalaiako mendikatea ibar eta zintzur sakon estuak zeharkatuz. Ondoren, Panjab-eko zabaldiak igarotzen ditu, eta tarte batean (100 km inguru) Pakistan eta India arteko muga egiten du. Inguru horretan, iparraldetik datorren Chenãb ibaiarekin elkartzen da eta Panjnãd (“Bost ibaiak”) deitzen zaio tarte horretatik aurrera. Azkenean, Indo ibaiarekin bat egiten du, Dera Ghazi Khan eta Sukkur artean. Sutlej ibaiaren urak lursailak ureztatzeko erabiltzen dira tarte askotan.