Suleymanoglu, Naim
Turkiar halterofiloa (Ptichar, Bulgaria, 1967). Halterofiliaren historiako kirolaririk onenetako bat. Zazpi aldiz munduko txapeldun eta hirutan Olinpiar Jokoetako txapeldun. Hamabost urterekin hautsi zuen lehen aldiz munduko errekorra, eta hamaseirekin bere gorputzaren pisua halako hiru altxatzea lortu zuen (metro eta erdiko luzera du eta hirurogeita zazpi kiloko pisua); halterofiliaren historian hori lortzen zuen bigarren kirolaria izan zen. 1988an egin zuen debuta Olinpiar Joko batzuetan, Seulen, eta munduko lau errekor hautsi zituen, artean berdindu ez diren markak ezarriz. Bi urte lehenago, Melbourneko munduko txapelketan, Bulgariako selekzioarekin parte hartzen ari zela, taldetik desertatu zuen. Turkian babes politikoa eskatu zuen eta izena aldatu zuen (Shalamanov zuen izena lehen). 1992ko Olinpiar Jokoetan, Bartzelonan, eta 1996an, Atlantan, garaile atera zen berriro. Atlantan bere pisua halako bost altxatzea lortu zuen.
- sukortasun
- sukre
- Sulawesi
- Suleiman I.a
- Suleiman II.a
- Suleymanoglu, Naim
- sulfamida
- sulfato
- sulfidriko
- sulfito
- sulfonazio