Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Suitza

(Izen ofiziala, Suitzako Konfederakundea; Fr., Confédération Suisse; Al., Schweizerische Eidgenossenschaft; It., Confederazione Svizzera edo Confederazione Elvetica). Europako erdialdeko estatua. 41.293 km2 eta 7.581.520 biztanle (2008, suitzarrak). Mugak: iparraldean, Alemania; ekialdean, Austria eta Liechtenstein; hegoaldean, Italia; mendebaldean, Frantzia. Hiriburua: Berna (134.393 biztanle; hirialdeak 298.700 biztanle). Hiri nagusiak: Zurich, Basilea, Geneva, Lausana. Hizkuntza ofizialak: frantsesa, alemana, italiera eta, maila batean, erretorromaniera. Hizkuntza multzoak: alemana, % 65; frantsesa, % 18; italiera, % 10; espainiera, % 2; erretorromaniera, % 1; besteak, % 4. Erlijioa: katolikoa, % 47,6; protestantea, % 44,3; judua, % 0,3; besteak, % 7,8. Dirua: Suitzako frankoa.  v  Orografia eta hidrografia. Suitzako lurraldean hiru alderdi nagusi bereiz daitezke: ipar-mendebaleko Jura mendiak, erdialdeko ordeka garaia (Mittelland) eta hegoaldeko Alpe mendiak. Alpeak amildegi malkorrez, elurrez beti estalitako mendi garaiez, mendi-zintzur sakonez eta glaziar handiez osatuak dira. Bi lerrotan banatuak dira Alpeak, mugimendu tektonikoen eraginez sortuak dira eta, Kuaternarioan, Rodano eta Rhin ibaien ibarrak eratu zituzten glaziarrek higatutako haustura sakon batek bereiziak. Italiarekin muga egiten duten hegoaldeko lerroko mendiak dira garaienak: Dufourspitze edo Monte Rosa (4.634 m), Matterhorn edo Cervino (4.478 m), Dom (4.545 m), Dent Blanche (4.347 m)… Iparraldeko lerroko mendien artean Jungfrau (4.195 m), Finsterrarhorn (4.274) eta Aletschhorn (4.195 m) dira garaienak. Jura mendiak ipar-mendebalean daude, Frantziako mugaren aurrez aurre; lurralde osoaren % 10 hartzen dute, baso bakan batzuk eta belardi handiak dituzte, eta Alpeak baino askoz txikiagoak dira. Alpe eta Jura mendien artean 250-600 m bitarteko garaiera duen ordeka bat dago, muinoak dituena, Mittelland («erdialdeko lurrak») deitua; Mittelland-ek lurralde osoaren heren bat hartzen du, hegoaldeko Leman edo Geneva eta Konstantza edo Bodensee aintziren artekoa.  v  Suitzako mendietan Europako ibai handienetako batzuk jaiotzen dira. Izan ere, San Gotardoko mendatearen inguruan, elkarrengandik oso hurbil, Rodano, Rhin eta Aar ibaiak sortzen dira. Bestalde, aintzira asko daude Suitzan; handienak, Alemaniarekin eta Frantziarekin muga egiten duten Konstantza eta Geneva aintzirez gainera, Neuchatel, Zurich eta Luzerna hirietakoak eta Italiarekin muga egiten duten Maggiore eta Luganoko aintzirak dira.  v  Klima eta landaredia. Suitzako Alpe mendiek Atlantikoko, Mediterraneoko eta Europako erdialdeko klimen muga egiten dute. Beraz, Suitzak klima horien tarteko bat du. Atlantikoko haize heze epelak ia lurralde osoan jotzen du, baina euri gehiago dakar hego-mendebalera ipar-ekialdera baino; mendietan, 3.000 m-tik gora, elurra da beti, eta ibarretarantz jaisten diren glaziarrak sortu dira. Mendi garaiez inguratutako ibar batzuetan, Rodanoren ibarrean adibidez, askoz euri eta elur gutxiago izaten da. Foehn haizeak, Alpeetako iparraldeko ibarretan behera jaisten den haize hegoak, giroa gozatzen du. Mittelland-ek negu hotzak eta uda epelak izaten ditu: 20 °C uztailean eta 1 °C urtarrilean. Maggiore eta Lugano aintzira inguruak epelagoak dira.  v  Suitzako landaredia garaierak mugatutako bost mailatan bana daiteke: 540 m bitartean, gaztainondoa, intxaurrondoa, almendrondoa eta, hegoaldean, palmondoa, pikondoak, eta laranjondoak hazten dira; 1.200 m bitartean, pagadiak, astigar basoak eta hariztiak; 1.650 m bitartean, pinudiak eta izaidiak; 2.100 m bitartean, errododendro eta alertze basoak. Handik elurra bitarteko zatian, belardiak eta Alpeetako landare loredunak dira. Bestalde, Alpeetako mazeletan mahastiak ere badira, Europan beste inon baino gorago, 1.700 m bitartean. ■ Aspalditik goraipatu izan dituzte Europako herri nagusiek Suitzaren independentzia eta neutraltasuna; izan ere, Suitzak ez zuen esku hartu ez Lehen Mundu Gerran, ez Bigarrenean. Baina neutraltasun horren oztopo ari da bihurtzen Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan sendoagotzen ari den batasuna. ■ Biztanleak. Suitzako biztanleak zahartzen ari dira (biztanleen % 15ek hirurogei urte edo gehiago dute), eta bizi itxaropena Europako garaiena dute, Suediaren atzetik. Urteko hazkunde tasa motela da, eta etorkinei dagokie tasa horren bi heren: 1991n % 1,3koa zen, eta 1997an % 0,2. Atzerritar langileei dagokienez, langile espezializatuen beharrak, batetik, eta familien bateratzeak bestetik, atzerritar biztanleen kopurua handitu dute. Gaur egun, duela zenbait urtez gero, kopuru hori egonkorra da, biztanle guztien % 19 inguru. Egoitza hartzeko baimena edota urteko baimena dutenak 1.400.000 bat lagun dira (alde batera utzita lan merkatutik aparte dauden babes eskatzaileak). Atzerritarren artean, italiarrek osatzen dute talde nagusia –guztien laurden bat–, eta haien ondoren, Jugoslavia ohitik iritsitakoek. ■ Ekonomia. Suitzako ekonomia modernoa, oparoa eta egonkorra da, eta biztanleko BPG Europako Mendebaldeko herrialdeetakoa baino % 15-20 handiagoa da. Ekonomia oso industrializatua dago, eta suitzarren bizi maila munduko garaiena da. 1994an barne produktu gordina 257.300 milioi dolarrekoa zen. 1998an, esportazioetan oinarriturik, ekonomiak gora egin zuen (esportazio horietan, finantza zerbitzuak, bioteknologia, farmazia gaiak eta makina espezializatuak aipatu behar dira); baina ekonomia globalaren beheraldiak moteldu egin du Suitzako esportazioen gorakada. Ez du, ordea, eten handirik zertan gertatu behar suitzar ekonomian, kontsumoaren eta kapitalaren gastuek ekonomiaren abiadari eutsi baitiote. 1999an BPGren hazkundea % 1,4 ingurukoa izatea espero zen. Bestalde, Europaren batasun ekonomiko eta politiko gero eta estuagoak badirudi zaharkitu egin duela Suitzak tradizioz inguruko herriekiko duen distantzia. Hala, zenbait europar estatu euroari lotu zitzaienean (1999ko urtarrila), estatu haietako enpresek suitzar esportatzaileak eta inportatzaileak beren tratuetan euroak erabiltzera bultzatu zituzten. ■ Gaur egun, suitzar ekonomiaren alor nagusiak merkataritza, zerbitzuak (bankuak eta finantzak batez ere) eta turismoa dira, eta enplegu osoaren % 61 osatzen dute. Alor horien atzetik daude industria, energia, meatzaritza eta eraikuntza (% 33), basogintza eta arrantza (% 6). 1993ko urteko nazio aurrekontuan, sarrerak 28.900 milioi dolar ziren, eta gastuak 31.300 milioi dolar. ■ Suitza beregaina den arren haragiki eta laboreetan, ez lurra ez klima ez dira nekazaritzarako egokiak, eta, hortaz, inportatuak dira kontsumitzen diren elikagai gehienak, eta nekazariek diru laguntza handien beharra dute. Lursail gehienak txikiak dira, familia enpresetan antolatuak. Nekazaritza gai nagusiak azukre-erremolatxa, garia, patatak, sagarrak, mahatsa, esnea eta ardoa dira. 117.000 t bat ardo egiten da gaur egun. ■ 1990eko hamarraldiaren hasieran urteko m3ko 6,7 milioi egur produzitzen zen Suitzan, baina industria horrek arazoak ditu haizearen kutsadura dela-eta, Suitzako basoen % 35 kaltetuak baitaude. Egur gehiena zerrategietan erabiltzen da, eta parpergintzan. Meatzaritzak ez du garrantzi handirik; aipagarriak dira gatzarriaren produkzioa (gutxi gorabehera, urteko 400.000 t) eta zementuarena (4,4 milioi t). ■ Industrian dihardu Suitzako biztanle aktiboen heren bat. Ekoizpen nagusiak doitasun makinak, makina-tresna, farmazia gaiak eta erlojuak dira (gaur egun, urteko 28 milioi bat erloju esportatzen da). Aipagarriak dira orobat ehungintza, jantzigintza, oinetakoak, kimika gaiak, metal finduak, elikagaiak (txokolatea batez ere), zurezko gaiak eta papera. Asko estimatzen da suitzar eskulangintza: musika kutxak, brodatuak, zur landua, etab. ■ Dirua eta bankuak. Suitzako diru banakoa suitzar frankoa da, 100 zentimotan banatua (1995. urtean, Estatu Batuetako dolar bat 1,27 suitzar franko zen). Suitza nazioarteko finantza gune guztiz garrantzitsua da; bertako bankuek mundu osoko dirua erakartzen dute, politikaren eta finantzen egonkortasuna dela-eta, eta banku eragiketen sekretua bermatzen delako. Banku pribatuak dira sarrera iturri nagusietako bat. Zurich da bankuen zentro garrantzitsuena. Bestalde, Zuricheko Burtsa Europako handienetako bat da, eta Zurich da gainera urrearen merkataritza gune nagusia. ■ Kanpo merkataritza. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Suitzako inportazioak urteko 74.000 miloi bat dolar ziren, eta esportazioak, berriz, 70.000 miloi bat dolar. Inportatzen diren gai nagusiak hauek dira: makineria, garraio hornigaiak, petrolio gordina eta findua, metal preziatuak, elikagaiak, burdina, altzairua eta kimika gaiak. Esportazio aipagarrienak, berriz, makineria, farmazia gaiak, jantziak, erlojuak eta metal preziatuak dira. Merkataritza harreman ohikoenak Alemania, Frantzia, Italia, Britainia Handia, Estatu Batuak eta Japoniarekin ditu. Merkataritzaren balantza kontrako hori “esportazio ikusezin” deritzanekin orekatzen da: finantza zerbitzuak eta turismoa. Turismoa da, izan ere, dibisa sarreren eta enplegu sorreraren iturburu nagusia. Ordainketa balantzak (barnean hartzen ditu turismoa eta finantza sarrerak) urteko ia 1.000 milioi dolarreko soberakina izan zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran. ■ Garraioetan, famatuak dira Alpeak gurutzatzen dituzten tunelak, bereziki San Gotardokoa (16,32 km), munduko errepide tunel luzeena. Badira bestalde Alpeak gurutzatzen dituzten burdinbide tunel handiak, eta berriak egiten ari dira autobideak arintzeko. ■ Administrazioa eta gobernua. Suitza errepublika da, 1874ko maiatzaren 29an onartu eta hainbat aldiz zuzendu den Konstituzioaren arabera gobernatzen dena. Demokrazia zuzena eta zeharkakoa, herri beregaintasunarekin, botereen banaketarekin eta ordezkaritza proportzionalarekin bateratzen ditu suitzar sistema politikoak. Hautesleek, ordezkariak aukeratzeaz gainera, zuzenean esku hartzen dute auzirik garrantzitsuenetan, erreferendumen bidez; izan ere, erreferendumak Suitzako sistema politikoaren partetzat hartzen dira. Hauteskunde federaletan, 20 urtetik gorako hiritar guztiek dute boto eskubidea; emakumeek 1971. urtean lortu zuten boto eskubidea nazio hauteskundeetan, erreferendum baten ondoren. ■ Suitza 23 estatuz osaturiko konfederazioa da. Estatu horiei “kantonamendu” esaten zaie, eta hiru erdi-kantonamenduetan daude zatituak, adiministrazio kontuak direla-eta. Hauek dira kantonamendu eta erdi-kantonamenduak: Aargau, Appenzell Ausser-Rhoden (erdi-kantonamendua), Appenzell Inner-Rhoden (erdi-kantonamendua), Basel-Land (erdi-kantonamendua), Basel-Stadt (erdi-kantonamendua), Berna, Friburgo, Geneva, Glarus, Graubünden (Grisoiak), Jura, Luzerna (erdi-kantonamendua), Neuchâtel, Nidwalden (erdi-kantonamendua), Obwalden (erdi-kantonamendua), Sankt Gallen, Schaffhausen, Schwyz, Solothurn, Thurgau, Ticino, Uri, Valais, Vaud, Zug eta Zurich. ■ Historia. K.a. I. mendean, Julio Zesarren lejioak sartu baino lehen, zeltak, helvetiarrak eta retioak bizi ziren gaur egungo Suitzako lurraldean. Erromatarrek Helvetia deitu zioten lurraldeari, eta Alpeetako iraganbide nagusiak eraiki zituzten (K.a. 58). Baina, K.o. III. mendetik aurrera germaniar herriak erromatarren hesiak hautsi eta lurraldean sartzen hasi ziren. IV. mendean, burgundiarrek eta alamanek bizitokia hartu zuten Mittellanden. Bi mende geroago, errege frankoek beren erreinuaren mende hartu zuten lurraldea. VII. mendean kristau misiolariek kristatutasuna zabaldu zuten helvetiarren artean, eta hurrengo menderako monasterio handiak eraiki zituzten. X. mendean, musulmanak eta magiarrak sartu-irtenak egin zituzten, eta XIean, gaur egungo Suitza, Erroma eta Germanietako Inperio Santuaren mende geratu zen. XII. mendetik aurrera, Europako ekonomia berpiztearekin batera, Italiako errepubliken eta Frantzia, Alemania eta Flandesko hirien arteko merkataritza harremanak sendotu ziren. Hala, Alpeak igarotzen zituzten merkataritza bideetan zehar hiriak sortu ziren: Zurich, Berna, Luzerna eta Sankt Gallen.  v  Federazio baterantz. 1291n, Uri, Unterwalden eta Schwyz kantonamenduak (eta geroxeago, Obwalden) konfederatu eta habsburgotarren aurkako liga bat osatu zuten, askatasuna elkarren babesean gordetzeko. Une hura hartzen da gaur egungo Suitzako konfederazioaren sorreratzat. 1315ean, Mogarten-eko guduan, konfederatuek inperioko gudarosteak menderatu zituzten. 1324an, enperadoreak kantonamenduen askatasuna onetsi behar izan zuen. Handik gutxira merkataritza hiriak lotu zitzaizkion konfederazioari: 1332an, Luzerna; 1351n, Zurich; 1352an, Glarus eta Zug; eta 1353an, Berna. Zortzi kantonamenduek barne autonomia handia zuten, denek onartzen zuten Dieta bakar baten gobernupean. Inperioaren aurkako beste gudu batzuetan suitzarrak garaile atera ondoren, kantonamenduek auzo herrien lurraldeak hartzen hasi ziren. 1474an, Inperioak eta kantonamenduek Konstantzako bakea izenpetu zuten. Zazpi urte geroago, Friburgo eta Solothurn lotu zitzaizkion konfederazioari. Stans-eko itunaren bitartez (1481) kantonamenduen arteko harremanak arautu ziren. Inperioaren aurkako beste gudu baten ondoren, Basileako bakean (1499) enperadoreak kantonamenduen burujabetasuna onartu zuen. 1501ean, Basilea, Schaffhausen eta Appenzell gehitu zitzaizkion federazioari. San Gotardoko mendateko merkataritza bidea babestearren, kantonamenduek Ticino kendu zieten lonbardiarrei. 1516an, kantonamenduek betiko bakea izenpetu zuten Frantziako erregearekin.  v  Erreforma. XVI. mendean zehar, erreforma protestantea zela eta, Suitzako konfederazioa katolikoen eta protestanteen artean banatu zen. Hirietako burgesia protestantismora bihurtzearen aldekoa zen, eta mendialdeko nekazariak, berriz, katolizismoaren aldekoak, ordu arte bezala. Konfederazioko barnealdeko kantonamenduak (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo eta Solothurn) katoliko jarraitu zuten, eta Zurich, Bern, Basilea eta Schaffhausen protestante bilakatu ziren. Joan Kalbino-k «Erroma protestantetzat» hartu zuen Geneva; 1536-1564 bitartean erregimen teokratiko baten mendean egon zen. Kantonamendu katolikoen eta protestanteen arteko gorabeherak gudu bilakatu ziren, baina konfederazioa ez zen desegin. Westfaliako bake hitzarmenean (1648), Hogeita hamar Urteko Gerraren amaieran, suitzar kantonamenduen burujabetasuna onartu zen. Nolanahi ere, erlijio gatazkek 1656 arte iraun zuten. XVII. mendearen erdialdetik aurrera, Suitzak neutraltasuna politika egin zuen, eta nolabaiteko bake eta oparotasun urteak izan zituen. Suitzar erlojugileak oso ospetsuak egin ziren Europako gorteetan. Bestalde, Suitzako hiri batzuek, Genevak adibidez, garrantzi handia izan zuten kulturaren garapenean, beste herrialde batzuetan baino askatasun handiagoa izan baitzuten.  v  Helvetikako errepublika. Frantziako Iraultzak eragin handia izan zuen Suitzan. Herrialdearen neutraltasuna galarazi zuten bi iraultzen ondoren, 1798an, Frantziako gudarostea sartu zen lurraldean, suitzar iraultzaileen laguntzarekin. Urte horretako apirilaren 12an, Helvetiako Errepublika sortu zen, konstituzio bateratu batekin. Hiriburua Luzerna zuen. Handik gutxira, errepublika gobernaezina izan zen, eta 1803ko otsailean, Bonapartek konfederazioa onartu zuen, bere kantonamendu eta Dietarekin. «Europako Iraultzak» Napoleonen hondamendia eragin ondoren, Suitzako Dietak behar ziren aldaketak egin zituen Vienako kongresuak herrialdea ezagut zezan. 1815eko abuztuaren 17an, 22 kantonamenduk Itun Konfederal bat izenpetu zuten, Suitzako estatu modernoaren sorrera izan zena. Lehengo hamairu kantonamenduei Sankt Gall, Grisoiak, Argovia, Turgovia, Ticino, Vaud, Valais, Neuchâtel eta Geneva gehitu zitzaizkien.  v  1815-1848. XIX. mendearen lehen erdian kantonamendu kontserbadoreen eta lilberalen arteko gatazkak izan ziren, erlijio gorabeherekin batera konfederazioaren politika egonkorra kolokan jarri zutena. Izan ere, mendearen hasieran, Europan absolutismoa nagusitu zenean, Suitzako politika familia kontserbadore ahaltsuen inguruan antolatu zen, baina 1830eko iraultza liberalekin batera hamabi kantonamenduk konstituzio liberalak onartu zituzten. Konfederazioak 1845ean izan zituen unerik larrienak, zazpi kantonamendu katolikok (Luzerna, Uri, Schwyz, Unterwalden, Zug, Friburgo eta Valais) Sonderbudn-eko Ligan bat egin zutenean. Besteak beste, beren interesak babestu eta jesuitak Luzerna eta Frigurbotik egoztea galarazi nahiak elkartu zituen. 1847an, konfederatuen gudarosteak indarrez hartu zituen kantonamendu katolikoak. 1848ko iraultzekin batera, suitzar liberalek herrialde osorako konstituzio federala onartzea lortu zuten. Berna zuen hiriburu. Tradiziozko neutraltasuna dela-eta, nazioarteko biltzarrak egiteko leku aproposa da Suitza, eta orobat da erakunde askoren egoitza. Bertan dago, 1863az gero, Nazioarteko Gurutze Gorriaren bulego nagusia, eta Lehen Mundu Gerraz gero, Nazioen Elkartearena. Suitza Nazioen Elkarteko kide izan zen, baina neutraltasun estatusari eutsi ziolarik, eta iheslari politikoak babestu baitzituen Bigarren Mundu Gerran, uko egin zion Nazio Batuen Erakundeko (NBE) kide izateari, erakunde horren zenbait betekizun neutraltasunarekin ezin adostuzkoak zirelakoan. Alabaina, NBEren mendeko zenbait batzorderen kide da, eta behatzaile iraunkor bat du NBEtan. Era berean, zenbait nazioarteko batzorde neutralen kide izan da, hala adibidez Koreako gerran, 1953ko su-etenaren akordioa gainbegiratzeko; dirua eman zion NBEri Zipreko bakeari eusteko, eta Arantzel eta Merkataritzari buruzko Akordioaren kide da (munduko merkataritza harremanak hobetzeko helburua duen erakundea). 1992an Europako Elkartean sartzea eskatu zuen (gaur egungo Europar Batasunean), baina atzera egin zuen gero, neutraltasuna babesteko. ■ Azken urteotan, nazioarteko eskakizunei erantzunez, zerbait malgutu da Suitzan banku sekretua, eta ateak zabaldu zaizkie nazioarteko ikerleei banku txostenak azter ditzaten, baldin eta ilegaltasun susmoak badaude. ■ 1986ko Txernobilgo hondamendi nuklearra zela-eta, manifestazio handiak izan ziren Suitza osoan, bertako bost zentral nuklearren eta oro har egitarau nuklearraren segurtasuna dudan jartzen zutenak. Manifestazio haien ondoren, 1989an gobernuak bazterrera utzi zuen seigarren zentralaren eraikuntza. Hurrengo urtean, erreferendum bidez, hamar urterako, zentral nuklearrak eraikitzeko proiektua eragotzi zen. ■ 1990. urtean suitzar polizia sekretuak gordeta zituela 200.000 bat lagunen artxibo sekretuak jakin zen. Bernako istiluen ondoren, bigundu egin ziren estatuaren segurtasun legeak, eta haien ordez polizia kontrolatzeko arau berriak jarri ziren indarrean. 1992an alde batera uzten hasi zen Suitzaren urte askoko independentzia, eta Munduko Bankuari eta Nazioarteko Diru Funtsari lotu zitzaien. Alabaina, urte horretako abenduan uko egin zioten suitzarrek Europako Ekonomia Espazioan sartzeari (merkataritza libreko eskualdea, Europa Mendebaldeko herrialde asko lotzen dituena). Hauteskunde horiek Europar Batasunean sartzearen ukoaren seinaletzat hartu ziren. 2001ean erreferendum bat egin zen Europan sartzeko, baina gehiengoak uko egin zion. 2001ean, baita ere, hainbat enpresak, tartean Swissair airelinea ospetsuak, porrot egin zuen eta milaka langile kale gorrian geratu ziren. 2002an, abortatzeko eskubidea legeztatu zen, alde batetik, eta, bestetik, Suitza Nazio Batuetan sartu zen. 2006an, inmigrazio eta babes legeak gogortzea erabaki zuen gehiengoak erreferendumean.
http://www.nationsonline.org/oneworld/switzerland.htm