substantzia
iz. Mamia, muina. || ik. gai. v Fil. Berez dena, izateko beste ezeren premiarik ez duena; aldatuz doazen gauzetan, bere horretan aldagabe dirauen hura. v Platonek sustantzia gauzen izatearekin, esentziarekin, lotzen zuen eta ideietan edo forma unibertsaletan zegoela uste zuen. Aristotelesek, berriz, sustantzia baieztapen lehena, nagusia eta orokorrena dela esaten zuen, subjetuari uztartu gabea eta ezeri loturik ez dagoena. Aristotelesek gizona jartzen zuen sustantzia eredutzat, gizona “lehenengo sustantzia” baita, berez den errealitate eta gauza ororen oinarria, alegia; hala, gizona erreferentzia da beste gauzak neurtzeko, baina bera izate osoa da eta osotasun gisa ezagut daiteke, beste erreferentziaren beharrik gabe. Descartesek, bere aldetik, sustantzia mugatua eta mugagabea bereizi zituen. Sustantzia mugagabea izate propioa duena da, izateko beste ezeren premiarik ez duena; hala, berarentzat Jainkoa zen sustantzia mugagabe bakarra. Sustantzia mugatuak, berriz, izateko Jainkoaren premia dutenak dira. Descartesek bi sustantzia mugatu bereizi zituen: espazialitatea edo hedadura (rex extensa) eta kontzientzia edo ezaguera (rex cogitans). Bi sustantzia mugatu horiek bereziak eta kontrakoak dira, bata duenak ezin baitu bestea izan. B. Spinozak ez zuen onartu Descartesen bereizketa hori, bere ustean ez baitzegoen sustantzia mugaturik; sustantzia, haren ustean, izatea zen, printzipio bakarra, hots, Jainkoa, eta Jainkoak ez du sortzen beragandik desberdina den ezer, beraz, izadia oro Jainkoaren adierazpide da. Sustantzia, hortaz, bakarra eta mugagabea da. Ondoren, britainiar filosofo enpirikoek, J. Lockek, G. Berkeleyk eta D. Humek, bereziki, sustantzia gizonarentzat ezin ezagutuzkoa dela uste izan zuten, gizonaren izatetik harago dagoenez. Hala, Descartesen dualismora itzuli ziren –sustantzia mugatua eta mugagabea–, baina gizonak ezin duela sustantzia materiala ezagutu zioten, giza zentzuak beste biderik ez baitu horretarako eta horien bidez gizonak ezin baitu ez sustantzia mugatua ezagutu eta are gutxiago mugagabea, Jainkoa, alegia. Kant ideia horren aurka egon zen; Kantentzat sustantzia ez da ezin ezagutuzkoa; sustantziaren arazoa ulertzeko pentsamenduaren a priori-ko kategoria gisa hartu behar da, bestela sustantzia eta horren atributuak giza sentipen ondorio besterik ez baitira. Alabaina, sustantzia izate edo entitate bat bezala hartu beharrean, giza pentsamenduaren eta gogoetaren kategoria gisa hartzen bada, orduan filosofoak errazago sailkatu eta antola ditzake atributuak, materiaren tasunak, moduak eta bestelakoak. Kantetik aurrerako filosofoek balio enpirikoa onartzen diote sustantziari; ez, ordea, balio metafisikorik.