Suárez, Luis
Espainiar futbol jokalaria eta entrenatzailea (Coruña, 1935). Bere hiriko taldean hasi zen jokatzen baina berehala Barcelona taldeak fitxatu zuen eta zortzi urtez (1953-1961) aritu zen talde horretan jokatzen. Barcelonarekin Ferietako Kopa (orain UEFAko Kopa) irabazi zuen bi adiz (1958, 1960), Espainiako Liga bi aldiz (1959, 1960) eta Espainiako Kopa ere bi aldiz (1957, 1959). 1961ean Milango Inter taldeak fitxatu zuen 25 milioi pezetatan (futbolaren historiako fitxa garestiena ordu arte). Milanekin Europako bi Kopa irabazi zituen (1964, 1965), Kontinente arteko bi Kopa (1965, 1965), Italiako Liga hiru aldiz (1963, 1965, 1966). Gero Genoako Sampodrian ere jokatu zuen. Bestalde, 35 partida jokatu zituen Espainiako selekzioarekin, Francisco Gento, Alfredo Di Stefano, Luis del Sol, Ferenc Puskas handiekin, eta, gero, Pirri eta Jose Angel Iribarrekin. 1962 eta 1966ko Munduko Txapelketetan ere parte hartu zuen, baina arrakasta handirik gabe. 1964an selekzio nazionalen Europako txapelketa irabazi zuen, finalean Sobietar Batasuna menderatu ondoren. Erdilaria zen, Europako bere garaiko onenetako bat. 1960an Urrezko Baloiaren saria jaso zuen (bera izan zen lehen espainiarra), 1961 eta 1964an Zilarrezko Baloia, eta 1965ean Brontzezkoa. Jokalari gisa erretiroa hartu ondoren, Milango Inter taldearen entrenatzaile izan zen, eta Espainiako selekzioarena gero, Italian egindako munduko txapelketan (1990).