Suarez, Francisco
Espainiar filosofoa eta teologoa, Doctor Eximius deitua (Granada, 1548 - Lisboa, 1617). Zuzenbide kanonikoko ikasketak egin zituen Salamancan. 1564an Jesusen Lagundian sartu zen. Gaztelako hainbat ikastetxetan filosofia irakasten aritu ondoren (1571-1580) Erromatik teologia irakastera joateko eskatu zioten. Gaixoturik Espainiara itzuli zen 1585ean. Alcalan (1585-1593) eta Salamancan (1593-1597) eman zituen beste 11 urte irakasle eta gero Coimbrara aldatu zen. 29 liburuki utzi zituen idatzita. Horietan garrantzizkoenak Disputationes metaphisicæ (1597), Defensio fidei catolicæ (1613) De legibus (1616), eta De bello et Indis obrak dira. Bi gai nagusitara bil daitezke horietan aztertu zituen gaiak: filosofia eta teologia eta zuzenbidea. Aristotelesi buruzko iruzkin zabal sakona da lehenengo obran egiten duena. Bigarren eta hirugarren liburu horietan estatuari eta erregetzari buruzko kristau ikuspegi berri bat eman zuen. Erregetzak Jainkotikako eskubiderik ez duela dio berak, eta pertsona guztiak duela bizi izateko, askatasunerako eta jabetza pribaturako eskubidea. Ideia horiei jarraituz, Amerikako lurraldeek Espainiaren eskubide berberak zituztela, eta ez enperadoreek eta ez Aita Santuak dutela lurralde haiek mende hartzeko eskubiderik idatzi zuen De bello et Indis liburuan.