Spark, Muriel
Eskoziar idazlea (Edinburgo, 1918 - 2006). Italiako familia judu batekoa zen jatorriz, eta Erroman eman zuen bere bizitza ia osoa. Bere eleberriak bizitza modernoari buruzko iruzkin ironikoak eta satirikoak dira, katolizismoaren ikuspegitik eginak (1954. urtean katolizismora bihurtu zen); ongiaren eta gaizkiaren arazoa bere obra askotan agertzen den kezka da. Hegoafrikara bidaiatu zuen eta zenbait urte egin zituen Rhodesian. 1938an S. O. Spark-ekin ezkondu zen, eta harengandik bereizi zenean, 1944an, Ingalaterra itzuli zen. Kanpo Arazoetako ministerioan lan egin zuen, nazismoaren aurkako propaganda sailean. Lanik aipagarrienak: Kontsolatzaileak (1957); Memento Mori (1959); Pekham Ryeko balada (1960); Baliabide urriko andereñoak (1963); Mandelbaumeko atea (1965). Bere eleberri ospetsuena, baina, Jean Brodieren lehen urratsak (1961) da: Edinburgoko irakasle xelebre baten historia da, ikasle baten ikuspegitik begiratuta. Obra antzerkirako eta zinemarako moldatu zen, arrakasta handiz. Azkeneko lanak: Ibai ondoko berotegia (1973); Lurralde eskubideak (1979); Alfer hutsa (1981); Arazo bakarra (1984). Ipuin bilduma bat ere argitaratu zuen, Muriel Sparken kontakizunak (1985), eta poesia eta literatura kritika zenbait.