sozialismo
iz. Estatuaren erakundeak baliatuz, gizartearen interes orokorra banakoen interesen gainetik nagusiaraztea eta gizarteko klase apalen alde egitea helburu duen doktrina. v Zentzurik estuenean, gizartea antolatzeko modu bat da sozialismoa; zentzu zabalean, berriz, historia ulertzeko edo interpretatzeko era da. Esan daiteke orobat gizartearen eredu politiko-ekonomiko teoriko eta praktikoak batzen dituela sozialismoak. Eredu horiek guztiak hiru joera handitan laburbil daitezke: komunismoa, anarkismoa eta sozialismoa zentzu estuan. Komunismoa, teoria gisa, berdintasuna eta justizia helburu nagusi dituen gizartearen eredu ideala da; utopiazko gizarte horretan, ez litzateke ez gizarte klaserik, ez ekoizpen bideen nahiz truke bideen jabetza pribaturik izango, eta taldeari eta pertsona banakoari dagozkion askatasunak egiazkoak izango lirateke gizakien nahiz herrialdeen arteko elkartasunaren onerako. Izatez, ordea, inoiz ez du gizarte batek halako antolakuntzarik izan; hala ere badira indarrean dirauten ereduak, kapitalismoa gaindituko duen gizarte mota hori lortzea helburu dutenak. Gizarte komunista ideala lortzeko bi bide dira aipagarrienak: sozialismo zientifikoa edo marxismoa, eta sozialismo libertarioa edo anarkismoa. Sozialismo zientifikoak berak ere bi adar nagusi izan ditu: marxismo-leninismoa eta sozialismoa. Marxismo-leninismoa langileriaren diktaduran oinarritua da, eta Europa ekialdeko hainbat herrialdetan (Sobietar Batasunean, Txinan, Polonian, eta Vietnamen esate baterako) indarrean ezarri zen, eta egun munduko herrialde gutxi batzuetan (Kuban esaterako) dirau. Nolanahi ere, marxismo-leninismoan oinarrituriko sistema teorikoek eta praktikoek alde handiak izan dituzte herrialde batetik bestera; hala bereizten dira maoismoa Txinan, kastrismoa Kuban, eta titismoa Jugoslavian. Marxismotik sortu zen sozialismoak, gaur egun Internazional Sozialistako kide diren alderdiek ulertzen dutenez, era askotako dotrinak jasotzen ditu bere baitan, baita Marx-en dotrinaren errebisiotik abiatzen diren dotrina sozialdemokratak ere, esaterako; sozialdemokraziari “sozialismoa askatasunean” ere esaten zaio, ekialdeko herrialdeetan izan diren ereduetatik (sozialismo erreala) bereiztearren, haietan ez baitzen ez talde politikorik, ez aukera ideologikorik. v Historia. Sozialismoa XVIII. mendearen bukaera aldera sortu zen, eta XIX. mendearen hasiera aldera indartu zen, langileen higikundearekin batera, industria iraultzak sortu zituen baldintza okerrei aurre egiteko asmoz. F.N. Babeuf izan zen sozialistatzat hartu zen lehen pentsalaria; hark sortu zuen gerora marxismoan landu zen gizarte klaseen teoria. Sozialismoari buruzko teoriak eratu zituzten lehen pentsalariak sozialista utopiko deitu izan ziren. Besteak beste, aipagarriak dira Charles Fourier, Robert Owen eta Saint Simon; pentsalari horiek burgesak ziren, klaseen arteko gatazkaren kontrakoak. Langileek jasaten zituzten bizitza eta lan baldintzek kezkaturik, haien ustez beharrezkoa zen gizartearen aldaketa orokorra, gizonari garrantzi handiagoa emango liokeen balioen hierarkia berri bat osatzea. Saint Simon gehiengo diren klaseen aldeko agertu zen, “ahalik eta onena ahalik eta gehienentzat”; aukeren berdintasuna, eta eraginkortasuna nahiz errendimendua oinarritzat hartuko zituzkeen ordena baten beharra azpimarratu zuen: “bakoitzari bere ahalmenaren eta obren arabera”. Fourier, berriz, moral berri baten beharraz aritu zen, legeak Jaungoikoak gizakiari eman dizkion sen onenek gidaturiko bat-bateko ekintzez ordezkatzearen aldeko zen; hala, harmonia ezarriko litzateke gizartean, gizonek elkarrekin egingo lukete lan, ez litzateke ez morroirik ez gudarosterik izango eta bikoteak zelula berekoietan mantentzen dituen ezkontzaren ordez amodio askea izango litzateke nagusi, haren ustez. Sozialismo britainiarraren sortzailetzat hartzen den Owenen iritziz, berriz, gizakia hazterakoan, bizitzan eta lanean dituen baldintzen fruitua da, eta baldintza horiek zaindu behar dira gizakiaren ongizatea lortzeko. Teorian emankorrak diren gogoeta eta pentsamendu utopiko horiek nekez izan dezakete praxirik, are gutxiago, egun erabat trinkoturik dirauen egitura kapitalistan. Hala ere, sozialista utopiko horiek, esperimentu gune mugatu eta txikietan bada ere, beren teoriak gauzatu nahi izan zituzten hainbatetan (besteak beste, Considerant sozialistak Falansterio bat ezarri zuen Estatu Batuetan; Cabet-ek Ikaria sortu zuen; Owenek, berriz, arrakasta gutxi izan zuen Harmonia Berria izeneko kolonia bat). Sozialismoaren lehen pentsalari horiek oso utopikoak izan ziren arren, nabaria da haien eragina sindikalismo sozialistan eta baita kooperatiba edo langile elkarte mugimenduan ere. Langile mugimenduak izan zuen garapenarekin batera, sozialismoa Europa osora zabaldu zen, eta alderdi sozialistak sortu ziren. 1840. urtea arte, ordea, sozialismoa Frantzia eta Britainia Handia aldean baizik ez zen indartu; Britainia Handian Industria Iraultza sortu eta gehien garatu zen herrialdea zelako, eta Frantzian, XVIII. mendetik ordu arte, ideia iraultzaileen sorleku nagusia izan zelako. 1848. urtean Marx eta Engeles-en Manifestu Komunista agiria argitaratu zen. Aurretik izan ziren higikunde sozialisten zenbait ideia hartu bazituzten ere, sozialismo utopikoaren idealismo erromantikoaren aldean sozialismo zientifikoa nagusitu nahi zuten haiek. Sozialismoaren barnean XIX. mendearen bukaera alderako sortu ziren aldeak, batik bat Bernsteinez geroztik, haren teoriak (errebisionismoak) klaseen gatazka eta iraultza baztertzen baitzituen. proposatu zuenetik. 1919. urteaz gero sozialismo eta komunismo hitzak sinonimo antzera erabili izan ziren arren, ez ziren gauza bera, III. Internazionalak II. Internazionalaren kontra izan zuen jarrera eta orobat alderdi sozialisten zatiketa ugariak ere kontuan harturik. Ordudanik bide parlamentarioa eta demokratikoa onartzen zuten mugimendu marxistei sozialdemokrata izena eman zitzaien, hitz horren esanahi berrian alegia. XX. mendean izan diren eredu sozialistak era askotakoak izan dira: Sobietar Batasunean guztiz zentralizaturiko sistema sozialista izan zen alde batetik; Jugoslavian eredu deszentralizatua izan zen nagusi (langileak lantokien kontrolean ez ezik, irabazietan ere parte hartzen zuten), eta beste muturrean ongizate estatuan oinarritzen ziren Suediako, Danimarkako, Frantziako edo Espainiako ereduak.