Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Somalia

Afrikako ekialdeko estatua, «Afrikako Adarra» deritzan eremuan. 637.000 km2 eta 9.558.666 biztanle (2008, somaliarrak). Mugak: iparraldean, Adengo golkoa; ekialdean, Indiako Ozeanoa; mendebaldean, Kenya eta Etiopia; ipar-mendebaldean, Djibuti. Hiriburua: Muqdisho. Hiri nagusiak: Hargeisa, Kismaiu. Hizkuntza ofizialak: somaliera eta arabiera. Etniak: somaliarrak, % 98,3; arabiarrak, % 1,2; bantuak, % 0,4; besteak, % 0,1. Erlijio ofiziala: islama (biztanleen % 99,8). Dirua: Somaliako txelina.  v  Orografia eta hidrografia. Somaliaren iparraldean, Adengo golkoko kostaldearen aurrez-aurre, Gubango itsasbazter laua dago, berdin samarra, erdi-idorra, sastraka motako landaredi urri batez estalia, euri gutxi eta klima bero hezea dituena. Itsasbazterraren atzealdean, mendilerro luze bat dago, Etiopiarekin muga egiten duen ipar-mendebaletik ekialdeko «Afrikako Adarraren» muturreraino doana, eta 2.000 m inguruko mendi batzuk dituena (Surud Ad, 2.048 m). Mendialdetik hegoaldera dagoen gainerako guztia ordoki erdi-mortu eta zabal-zabala da, kostaldea baino hotzagoa eta idorragoa.  v  Somaliako ibai nagusiak Etiopiako mendietan jaio eta ura Indiako Ozeanoan isurtzen duten Juba eta Shebelle dira. Iparraldean, Nogai ibaia agortua izaten da denbora luzean.  v  Klima eta landaredia. Somaliak oso klima bero lehorra du. Urtean zehar, eguneko bero handiena 30-40 °C bitartekoa izaten da, eta hotzena 18-27 °C bitartekoa. Euri gutxi egiten du, gehiago hegoaldean eta mendebalean (330-550 mm), iparraldean (53 mm) baino. Horrenbestez, landaredi urria du. Lursailek Somaliako eremuaren % 2 baino ez dute hartzen, baina lurraldearen erdia gutxi gorabehera larrea da. Mendialdean baso txikiak daude. ■ Biztanleak. Somaliako biztanle gehienak somaliarrak dira, kusita jatorriko herria, hizkuntza, erlijio eta kultura berekoak, baina klan egitura zorrotz baten arabera banatuak. Somaliako biztanleen bi heren abeltzain ibiltariak dira; gainerakoak nekazariak eta arrantzaleak dira, eta gutxi batzuk hirietako biztanleak. Lehorraldian, iturri inguruetako herrixketan bizi dira, eta euria hasten duenean, belarrak estaltzen duen ordokian zehar ibiltzen dira. 1990eko hamarraldiaren hasieran, gerra zibila hasi aurretik, heziketa doakoa eta nahitaezkoa zen 6-14 urte bitarteko gazteentzat. Gobernuaren alfabetizazio kanpaina baten ondorioz, oso garaia zen alfabetizazio tasa, baina gerra zibila hasi zenean eskola gehienak eta baita unibertsitatea ere itxi egin ziren. Ospitaleak eta osasun zerbitzuak doakoak dira berez, baina 1980ko hamarraldiaren amaieran osasun baliabideak asko gutxitu ziren, Etiopiako 600.000 etorkini laguntza eman behar zitzaielako, batetik, eta 1990eko hamarraldiaren haiseran gerra zibila hasi zelako, bestetik. ■ Ekonomia. 1990. urteaz geroztik, nazioarteko elkarteek gutxi gorabeherako datuak dituzte Somaliako ekonomiari buruz, hondamendian baitago erabat. Biztanleko BPG Afrikako apalenetako bat da (150 dolar, 1998). Somaliaren parte handi bat basamortua da, eta lehorte ugari jasan ditu. 1991-1992 urteen bitartean gosea izan zen nagusi somaliarrengan, eta ondoren, 1997an, eurite izugarriak izan ziren. Nekazaritza eta, batez ere, abere hazkuntza dira ekonomiaren jarduera sendoenak. Lantzen diren gai nagusiak artoa, basartoa, azukre kanabera, kotoia eta platanoak dira. Behiak, gameluak, ardia eta ahuntzak hazten dira. Somaliak oso industria txikia du, eta lurraldeko lehengaiak eraldatzera bideratua dago gehienbat: janari industria (haragia eta arraina), ehungintza eta larrugintza; petrolio findegi bat ere bada. Somaliak atzerriko herrialdeekin duen zorra izugarria da, 1980an 660 milioi dolarrekoa zen eta 1995ean bi mila milioi dolarrekoa. Indenpendentziaren ondoren eta gerra zibila hasi bitartean, nazioarteko hainbat herrialdek, Estatu Batuak, Italia, Europar Batasuna eta herrialde arabiarrak, besteak beste, laguntza handia eman zioten Somaliari. Baina 1988an Somaliak ez zuen inolaz ere bere zorrari erantzuteko ahalmenik, eta Nazioarteko Diru Funtsak bertan behera utzi zituen bere laguntza guztiak. 1990ean Estatu Batuek ere beren laguntzak eten zituen, biztanleen eskubideak errespetatzen ez zirela-eta. ■ Historia. XIX. mendearen hasieran iritsi ziren lehen europarrak. 1839an, britainiarrak Aden-en kokatu ziren, eta 1884an protektoratu bat sortu zuten iparraldean (Somaliland). 1889an, Italiak protektoratu batzuk antolatu zituen Somaliako ipar-ekialdeko kostaldean, eta 1905ean beste bat hegoaldean. Britainiarrek 1920 arte ez zituzten somaliarrak menderatu. Lehen Mundu Gerraren ondoren Italiak Somaliako hegoaldea hartu zuen, eta 1935eko urrian, Italia faxista, Somaliatik abiatuta, Etiopian sartu zen. Italiak, Etiopia eta Somalia batuta, Ekialdeko Afrikako inperioa osatu zuen. Bigarren Mundu Gerran, ordea, italiarren Somalia britainiarren mendean geratu zen, harik eta 1950ean, berriz ere Nazio Batuek Italiaren gain utzi zuten arte, hamar urteren buruan lurraldeari burujabetasuna emateko eginkizunarekin. 1960ko uztailaren 1ean, britainiarren eta italiarren lurraldeak bat eginik, Somaliako errepublika osatu zuten.  v  Somalia burujabea. 1969an, estatu kolpe baten bidez, Iraultza Batzorde Gorenaren (IBG) buru zen Siad Barre jeneralak aginpidea hartu zuen. Barrek Ogaden, Keniako ipar-ekialdea eta gaur egungo Djibutiko parte bat eskatu zituen Somaliarentzat. Bestalde, oso harreman estuak izan zituen Sobietar Batasunarekin. 1976an, Somaliako Alderdi Sozialista Iraultzaileak hartu zuen IBGren tokia. 1977an, Somaliak Etiopiaren aurkako gerra hasi zuen, Ogaden lurraldea eskuratzeko; Etiopiak Sobietar Batasunaren laguntza izan zuen, eta Somalia galtzaile atera zen (bakea ez zen 1988 arte izenpetu). Somaliak Sobietar Batasunarekiko harremanak hautsi zituen, eta harrezkero, Estatu Batuetara jo zuen laguntza eske. Bien bitartean, ehunka mila erbesteratu iritsi ziren Somaliara, Ogaden-etik ihesi. Gobernuak ezin izan zuen halako jendetzaren mantenua bere gain hartu eta, kanpoko laguntza izan bazuen ere, oinarrizko gaien murrizketak egin behar izan zituen. Gerrak, erbesteratuak, autoritarismoak, lehorteak, murrizketak, goseak… Siad Barreren aurkakotasuna areagotu zuten, eta oposizioko taldeek bat egin zuten erregimena deusezteko. Hala, 1991n, oposizioko gerrillariek Mogadiscio hartu zuten. Barre aginpidetik kendu ondoren, Farrah Aidid jeneralaren aldekoen eta Ali Mahdi Mohamed behin-behineko lehendakariaren aldekoen arteko gerra hasi zen, aginpidea lortzeko ia herrialde osora hedatu zena. 1991ko maiatzean, Iparraldeko Somalia Somaliatik banandu zen (Somaliland). 1992ko abenduan, Nazio Batuen aginduz, gehienbat Estatu Batuetako soldaduez osatutako gudaroste bat joan zen Somaliara, giza laguntza bideratzera eta janaria banatzera. 1993ko martxoan, aurkariek bakea bideratzeko hitzarmen bat egin zuten, behin-behinekotasun egoeratik ateratzeko batzorde bat osatzea aurrikusten zuena. Maiatzean, Nazio Batuetako gudarosteak (Pakistan, India eta beste herrialde batzuetakoak) Estatu Batuetakoaren tokia hartu zuen. 1994. urte hasieran, Nazio Batuetako begiraleen bitartekaritzaz, su-etena izenpetu zen Nairobin. Hitzarmen hartan, bestalde, adiskidetze biltzar bat osatzea erabaki zen, presidentea hautatzeko eta gobernu berria antolatzeko. Hala, atzerriko gudarosteak Somalia utzi zuen eta NBEko soldadu gutxi batzuk besterik ez ziren gelditu. Zenbait eskualdetako borrokek bere horretan jarraitu bazuten ere, borroka horiek ez ziren herrialde osora zabaldu eta ekonomia martxan jarri zen berriz ere. Herrialde osoan sakabanaturik zeuden taldeak bi erakunderen inguruan biltzen joan ziren 1995. urtean zehar: batetik, Somaliaren Salbaziorako Aliantza, Ali Mahdi Mohamed buru zela, eta bestetik, Farah Aididek agintzen zuen alderdia. Bi bandoek gobernutzat hartu zuten beren burua. Farah Aidid 1996an hil zen, eta bere seme Hussein izan zen ondorengoa. Farah-ren laguntzaile izandakoak, Osman Hassan Alik (“Ato”), indar berri bat osatu zuen, baina Ali Mahdi-ri elkartuta. 1997an, Somaliaren Salbaziorako Aliantzari elkartutako 26 buruzagik eta Afrikaren Batasunaren Organizazioak erabaki zuten Nazio Salbazioko Biltzar bat osatzea, trantsizioko gobernu bat antolatzeko ahalmena izango zuena. Hussein Aidid-ek eta Mohamed Ibrahim Egal-ek ez zuten erabaki hori onartu. 1997. urte bukaerako euriteek 230.000 somaliar utzi zituzten hegoaldeko lurraldeetan bakarturik. NBEk laguntza programa bat jarri zuten berriz ere abian. 1998an, beste bilera bat egin zen Nairobin, eta han Ali Mahdi Mohamed, Hussein Aidid, Osman Hassan Ali eta Mohamed Kanyere buruzagi militarrek bake konpromiso bat hitzartu zuten. Bien bitartean, Somaliako ekonomiak beste zartada bat jasan izan behar zuen, Saudi Arabiak Somaliako abereak inportatzea debekatu baitzuen. 2000ko uztailean, Adiskidetze Bilkura bat egin zen lege nazional bat egiteko, hura izan zedin hurrengo hiru urteetan Somaliako behin behineko konstituzioa. Lege berri horrek adierazpen eta elkartasun askatasuna eta giza eskubideak ez urratzea ziurtatzen zien somaliarrei eta botereen bereizkuntza eta independentzia ziurtatzen zuen. Trantsizio aldi horretan, Somaliako Errepublikak gobernu federal bat izan zuen, eskualdeko 18 administrazioekin. Baina 2006ko maiatzean Mogadiscioko Bigarren Gudua hasi zen gobernuaren aldeko ARPCT taldearen eta milizia islamiarren artean; ekainaren hasierako, 350 lagun hil ziren. Abdullahi Yusuf Ahmed lehendakariaren trantsizioko gobernuak NBEn bake indar baten esku hartzea onartu zuen. 2006ko ekainean, islamiarrek Mogadiscio hartu zuten. Handik gutxira, behin behineko gobernuak Etiopiaren laguntza izan zuen, Etiopiako armadak hainbat eraso egin baitzizkion islamiar miliziari. Beraz, liskar eta borroka horien guztien ondorioz, azken urteetan Somalia erabat zatitua gelditu da, eta talde armatu asko daude, eta zeinek bere lurraldean aginpidea du; “Gerrako Jauntxo” horiek sekulako sarraskia eragin dute eta milaka lagun hil eta beste milaka asko erbesteratzera behartu dituzte. Gainera, talde armatu horietako asko piraterian dabiltza Somaliako kostaldean eta mendebaldeko arrantzontziak eta merkataritza ontziak bahitzea irabazpide erraza suertatu zaie eta, hala, larridura handia sortu dute nazioarteko gobernu askorengan.
http://www.somali-gov.info/