Sollers, Philippe
Frantses idazle eta kritikaria (1936). Merkataritza ikasketak egin zituen, baina bertan behera utzi zituen bukatu gabe, buru-belarri idazle gisa jarduteko. 1960an Tel Quel aldizkaria sortu zuen. Teoria eta iraultza zituen aldizkariak goiburu. Aldizkaria –marxismoan eta, 1971tik aurrera, maoismoan inspiratua– abangoardien eta literatura kritika berriaren tresna bihurtu zen, eta, besteak beste, Barthes, Derrida, Lacan, Julia Kristeva, Mercelin Pleynet, Mikhail Bakhtin eta errusiar formalisten lanak argitaratu zituen. Bestalde, Roussel, Bataille, Artaud eta Lautréamont bezalako beste egile batzuk "aurkitu" zituen. 1961ean Parkea argitaratu zuen, Alain Robbe-Grillet eta Noveau roman higikundeak beragan izan zuten eraginaren lekukotasun gisa. Tel Quel aldizkaria 1982an desagertu zen, eta hurrengo urtean L'Infini argitaratu zen. Urte hartan bertan Emakumeak eman zuen argitara, garai hartan puri-purian zeuden gertaerei buruzko eleberri barroko bat, Cèlineren idazkera gogorazten duena. Eleberriez gainera, biografiak (1984, Jokalari baten erretratoa) eta arte saiakerak idatzi zituen. Lanik aipagarrienak: Drama (1965); Zenbakiak (1968); Legea (1972); H (1973); Paradisua (1974); Erabateko bihotz (1987); Festa Venezian (1991); Sekretua (1993).