Somarriba Arrola, Joane
Bizkaitar txirrindularia (Gernika, 1972). Txikitatik jardun du txirrindularitzan. 1991n, 18 urte zituela, ebaketa batean izandako ezbehar batek ia elbarri utzi zuen, baina sendatu eta kirolera itzuli zen berriz ere. 1996 eta 1998. urteetan txirrindularitza uztekotan egon zen, profesional mailan aritzeko arazoak baizituen. Euskal Herrian emakumezkoen txirrindularitza profesionalean aritzeko aukera handirik ez zuenez, Italiara joan zen, eta azken urte hauetan Alfa Lum talde italiarrarekin korritzen du. Egun, munduko txirrindulari hoberenen artean dago. 1986an Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, eta 1987an, berriz, Espainiakoa. 1991. urtean Durangoko Emakumeen Bira eskuratu zuen eta 1999. urtean bere lehen Italiako Giroa. Urterik hoberena 2000.a izan zen, uztailean Italiako Giroa eta abuztuan Frantziako Itzulia irabazi baitzituen. Miguel Indurain nafarra eta Joane Somarriba dira Frantziako Itzulia irabaztea lortu duten euskal txirrindulari bakarrak. Emakumezkoen txirrindularitzaren historian urte berean Frantziako Itzulia eta Giroa irabazi dutenak bi dira: Fabiana Luperini italiarra eta Somarriba bizkaitarra. Joane Somarribak Sydneyko 2000. urteko Jokoetako emakumezkoen erlojupeko proban 5. postuan sailkatzea lortu zuen, garaipenez beteriko denboraldia biribilduz horrela.
- soma 1
- soma 2
- Somalia
- somaliar
- somaliera
- Somarriba Arrola, Joane
- somatiko
- somatotropina
- somatozele
- somatu*
- somier