Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sinai

Egiptoko penintsula, Afrika eta Asia elkartzen dituena. 61.000 km2 inguru ditu. Penintsularen hegoaldea menditsua da; Jabal Katarina (2.637) da mendirik garaiena. Erdialdeko eskualdean al-Tih goi-ordokia dago; Mediterraneo kostaldean, berriz, duna garaiak daude. Basamortuko lurralde horretako baliabide nagusiak lurpetik lortzen dira: petrolioa, Abu Durba, Ra’s Sudr, Asl eta Wadi Fayra-n, eta manganesoa, Umm Buyma eskualdean. Bestalde, Sinai penintsulak arkeologia aztarnategi asko ditu.  v  Hist. Antzinako kristau aldian, Sinai aszeta eta eremutar talde handi baten bizileku izan zen, batez ere hegoaldeko mendietan. K.a. 530. urtean Justiniano I.ak, bizantziar enperadoreak, Sinai mendiaren magalean Santa Katarina monasterioa eraikitzeko agindua eman zuen. Inguruko kristauen bilgune bihurtu zen eta geroago, Erdi Aro osoan zehar, erromes leku. 1517. urtetik aurrera Sinai otomandarren inperioko zati izan zen eta Kostantinoplatik gobernatzen zen. XIX. mendearen hasieran, Egipto Turkiatik bereizi eta burujabe egin zenean, Sinaiko egoera gogortu egin zen. Lehen Mundu Gerra bukatu ondoren, Sinai Egiptoren mendean geratu zen, 1967. urtean israeldarrek penintsula bereganatu zuten arte. 1973. urtean egiptoar tropak sartu ziren Sinain, eta 1982. urtean Egiptori itzuli zitzaion lurraldea.