sinagoga
iz. Juduen erlijiozko batzarra. || Juduen tenplua; juduak otoitz egitera eta Moisesen doktrina entzutera biltzen diren etxea. v Arkit. Sinagoga noiz sortu zen zehatz ezin jakin bada ere, batzuen ustez, K.a. VI. mendean, Babilonian sortu zen, eta beste batzuen ustez mende horretan bertan, Jerusalemen, hango tenplua suntsitu zenean. Antzina, Jerusalemgo tenpluaren garaian sinagoga sakrifizioak egiteko lekua besterik ez zen, baina K.o. 70. urteaz geroztik erritua aldatu eta liturgia berri bat sortu zen: hasieran Biblia eta Misna irakurri eta azaltzea, gero fedea aldarrikatzea eta azkenean otoitz egitea. Sinagoga otoitzerako lekua izateaz gainera, biltoki, ikastetxe eta kultura areto ere bada. Jerusalemerantz begira egoten da; atzealdean tabernakulua du eta Tora edo Legearen paper sortak gordetzen dituen kutxa santua. Tabernakuluaren aurrean badu argi bat, Jerusalemgo Tenpluko argiaren oroitzapenetan beti piztua egoten dena, zazpi besoko argimutil bat (menora) eta aldare moduko irakurmahai bat. Giza irudiak debekatuak daude sinagogan. Sinagogaren historiak bat egiten du juduen historiarekin eta auzo juduen erdian kokatu izan da beti. Erdi Aroko sinagoga gutxi gorde dira Europan: Toledokoa eta Kordobakoa, Wormekoa (Alemania), Sopronekoa (Hungaria) eta Pragakoa. XIX. mendean berpizkunde bat izan zen Europan, sinagoga asko eraiki ziren, batzuetan diru publikoaren laguntzaz. XX. mendean gauza bera gertatu zen Amerikan, hara joandako juduen eraginez. Nazien etsesaldiak Europako erdialdeko sinagoga asko suntsitu zituen.