Simon, Herbert
Estatubatuar ekonomista eta zientzialaria (Milwaukee, Wisconsin, 1916 - 2001). Illinoisko Teknologia Institutuko irakasle izan zen 1942-1949 bitartean, administrazio eta psikologiako irakaslea 1949-1965 bitartean Carnegie-Mellonen, eta informatika eta psikologiakoa 1965az gero. Psikologiaren, ekonomiaren eta konputagailuen alorrean egindako lanengatik da batez ere ezaguna. Besteak beste, antolamendu konplexuetan erabakiak hartzeko mekanismoak ikertu ditu, eta ondorio hau atera du: negozioetan diharduten adituek, denbora eta informazio mugatua dutenez, emaitza onargarriak baizik ez dituzte bilatzen eta ez emaitzarik onenak, ordu arte uste bezala. Aipagarriak ditu, era berean, adimen artifizialari buruz egindako lanak. 1978an Ekonomiako Nobel saria eman zioten, ekonomian erabakiak hartzeko prozesuen inguruan egindako ekarpenengatik. Bere idazlanen artean azpimarratzekoak dira The Sciences of the Artificial (1969, Artifizialaren zientziak), Human Problem Solving (1972, Gizakia eta arazoen konponbidea) eta Models of Discovery (1977, Aurkikuntza ereduak).