Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Simitis, Costas

Greziar politikaria (Atenas, 1936). Zuzenbideko ikasketak egin zituen Alemanian, Marburgoko Unibertsitatean eta Londresko Ekonomia Eskolan. Epaitegi goreneko kide izendatu zuten 1961ean, eta handik lau urtera hasi zen politikan nabarmentzen, Askapenerako Mugimendu Panheleniarreko Nazio Kontseiluan onartu zutelarik. 1967-1969 bitartean Greziako agintean zegoen batzorde militarraren kontrako ezkutuko jardueretan parte hartu zuen, eta Alemaniara ihes egin behar izan zuen gerra kontseilurik egin ez ziezaioten. Erbestetik ere militarren kontra jardun zuen, 1974. urtea arte. Irakasle izan zen Konstantzako Unibertsitatean eta Giesseneko Justus Liebigen. 1985ean Greziako Legebiltzarreko kide izendatu zuten eta zenbait ministerioren arduradun izan zen 1980ko eta 1990eko hamarraldietan, adibidez Nekazaritza, Ekonomia eta Industriakoa. 1996an Andreas Papandreuk, osasun arazoak zirela eta, bere karguak utzi zituenean, Simitis izan zen haren ondorengo, bai Lehen ministro karguan eta baita Mugimendu Sozialista Panheleniarreko (PASOK) buruzagitzan ere. Urte hartako legebiltzarrerako hauteskundeetan garaipena lortu zuen Simitisen alderdiak.