Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sila

edo Sulla, Luzio Cornelio. (Lat. Lucius Cornelius Sulla edo Sylla). Erromako buruzagia (K.a. 138 - Cumas, K.a. 78). Aristokraziaren familia batean sortu zen. Beste karguen artean kuestore, pretore, legatu eta kontsul izan zen. Marioren armadarekin Numidiara joanik, Jugurta bere esku uztera behartu zuen Mauritaniako erregea (105) eta horrek ospea eman bazion ere Marioren errezeloa ere sortu zuen. 104-103 urteetan, Marioren legatu zela, germaniarren aurkako borrokan egin zen ezagun. Oligarkiaren buru izan zen, eta Mitridates VI.a Eupator-en aurkako gudarostearen buru izendatu zuen senatuak. Alabaina, plebeak kargu hartatik egotzi eta Mario hautatu zuten haren ordez. Silak Erroma hartu zuen eta Mariok Afrikara ihes egin behar izan zuen. Erroma menderatu ondoren Grezia eta Asiako probintzia bere mende zituen Mitridates-en aurka jo zuen; K.a. 87-86an Greziaz jabetu zen eta 85ean Asiako probintzia eskuratu zuen. Sila Grezian zela, ordea, Erroma plebeen eta Marioren jarraitzaileen eskuetan gelditu zen (87); Sila Italian lehorreratu zen 40.000 gizonen buru eta azkenik, Meteloren eta Pompeio gaztearen armadarekin bat eginik eta urte t’erdiko gerra zibilen ondoren, Erroman sartu zen K.a. 82an. Bere burua diktadore izendatu zuen eta lege gogorrak ezarri zituen. Ankerkeriaz beteriko agintaldiaren ondoren K.a. 79an aginpidea utzi zuen eta Cumas-era erretiratu zen.