Signorelli, Luca
(Luca da Cortona deitua). Italiar pintorea (Cortona, 1450 inguruan - Cortona, 1523). Piero della Francesca-ren ikasle eta lankide izan bazen ere, lehen obretan jadanik maisuaren moldeetatik aldendu zen (Città del Castillo-ko freskoak, madonnak, 1474). 1476tik 1479ra Loreto-n lan egin zuen eta 1481ean Florentziako beste margolari batzuekin batera Erromara joan zen; han Moisesen azkeneko egunak freskoak egin zituen Sixtina Kaperarako. 1482 eta 1493 bitartean Italiako erdialdean jardun zuen lanean; ordukoak dira, besteak beste: Madona eta Familia Santua (Uffizi); Pan-en garaipena (1488, Berlinen 1944an desegina); Madona eta Santuak (Perugiako katedrala, 1484). XV. mende amaierako fresko egilerik handiena da; Signorelliren adierazpen plastiko ahaltsuak Michelangeloren moldea iragartzen du: Monte Oliveto Maggiore-ko klaustroa (San Benitoren historia, 1497tik aurrera) eta Orvieto-ko katedraleko San Bricio-ren kapera (Antikristoa, Piztuera, Azken judizioa, 1499-1504). v Luca Signorelli-ren pinturek Piero maisuaren irudien handitasun bera badute ere, dramatismo handiagoz hornitu zituen Signorellik. Errealismo anatomikoa Pollaiolo-rengandik bide dator. Koloreen kontrasteak, argiztapen dramatikoa, espazioaren egituratze nabarmena (simetriaren erabilera) dira Signorelli-ren pinturaren beste ezaugarri batzuk.