Sharif, Nawaz
(Jaiotza izena, Mian Mohammad Nawaz Sharif). Pakistandar politikaria (Lahore, 1949). Punjabeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak; ikasketak amaitu, eta enpresa eta negozioen munduan aritu ondoren hasi zen politikagintzan. Pakistango azken aldiko historiako politikaririk eraginkorrena izan da; 1997an iritsi zuen maila gorena, Pakistango Liga Musulmaneko (PML) kideek legebiltzarrean Lehen ministro hautatu zutenean. Sharif izan zen Pakistanen 1988an demokrazia berrezarri zenetik laugarren gobernu zibileko burua. Bere lehen agintaldian arazo larriei aurre egin behar izan zien, besteak beste, kanpo zor handiari eta jarraitzaile talde edo koalizio indartsurik ez izateak ekarritako zailtasunei. Farooq Leghari lehendakariak aurreko Lehen ministroa, Benazir Bhuto, dimititzera behartu ondoren hartu zuen Sharifek kargu hura lehenengo aldiz, 1990ean, baina 1993an bera ere dimisioa ematera behartu zuen lehendakariak. Bhuto jarri zuten Lehen ministro berriro eta 1997an berreskuratu zuen kargua Sharifek, bere jarratzaileen botoei esker. Sharifek lehendakariaren ahalak murriztu zituen agintaldi hartan, besteak beste; eskumen hura izan zen bera aurretik kargutik bota zuena eta gorabehera politiko larriak eragin zituena. Harrezkero zailtasun handiak izan ditu, ekonomian eta baita beste alorretan ere, ustelkeria, indarkeria eta inguruko herriekiko gatazkak direla eta.