Setién, José María
Gipuzkoar apezpikua (Hernani, 1928). 1944an, batxilergo ikasketak amaitu zituen Donostian, eta Gasteizko seminarioan sartu zen apaiz ikasketak egitera. 1951n apaiztu zen Donostiako Artzain Onaren katedralean. Gero Erromara joan zen ikasketak osatzera, eta Teologian lizentziatu eta Zuzenbide Kanonikoan doktoretza egin zuen. 1955ean, Teologia Moraleko irakasle eta arima zuzendari izan zen Gasteizko seminarioan. Halaber, Gasteizko Teologia fakultateko irakasle izendatua izan zen. 1960-1972. urteetan Salamancako unibertsitateko Teologia fakultatean katedradun eta dekano izan zen. Garai berean, pastoraltzako bikario nagusi izendatua izan zen Santanderko elizbarrutian, eta helduen bokazioko “El Salvador” mintegiko erretore izan zen Salamancan. Aldi berean, Salamancako “Colegio Hispanoamericano”ko arima zuzendari izan zen. 1972ko irailean, Zama Minor-ko apezpiku tituludun izendatua izan zen, eta 1972ko urrian apezpiku egin zuten Donostiako Artzain Onaren katedralean. Apostolutza Sozialeko Apezpiku Batzarreko kide (1975-1978); Fede Dotrinarako Apezpiku Batzarreko kide (1975-1984) eta Apostolutza Sozialeko Apezpiku Batzarreko kide (1978-1984) izan da. 1979an, Donostiako apezpiku izendatua izan zen. Espainiako Apezpiku Batzarreko Batzorde Iraunkorreko eta Batzorde Betearazleko kide (1984-1989). Apostolutza Sozialeko Apezpiku Batzordeko lehendakaria eta Batzorde Iraunkorreko kide (1984-1989). Hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu moral politikoari eta sozialari buruzkoak eta zuzenbide kanonikoari buruzkoak, bereziki. 1979. urteaz geroztik Donostiako Elizbarrutiko Gotzain izan ondoren, 2000. urteko urtarrilean uko egin zion karguari, eta beraren ordez Juan Maria Uriarte izendatu zuten gotzain. Donostiako Elizbarrutiko buruzagitzan eman zituen urteetan kritika gogorrak jaso zituen sektore eta alderdi ez abertzaleen aldetik.
- seteme
- Seti
- setiatu, setia, setiatzen
- setiatzaile
- setiatze
- Setién, José María
- setio
- Setoain
- setoso
- setter
- Seul