Sestao
Bizkaiko erdi-iparraldeko udalerria, Ibaizabal ibaiaren ezkerraldean (Ezkerraldea). Mugak: iparraldean, Leioa, Getxo eta Portugalete; ekialdean, Bilbo; mendebalean, Portugalete eta Trapaga; hegoaldean, Barakaldo. Garaiera, 67 m. 3,7 km2. 1997ko datuen arabera, 33.981 biztanle (sestaoarrak). Auzo nagusiak: Urbinaga, Robonza, Albiz eta Azeta. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.126 euskaldun, 6.432 ia-euskaldun eta 24.421 erdaldun. Industria (Bizkaiko Labe Garaiak, ontziolak, Babcock-Wilcox, makina astunak, hodiak, altzairugintza; langileen % 71) da ekonomia jarduera nagusia. Industria guneak Ibaizabal ibaiaren ezkerraldeko multzoaren osagarriak dira. Aipagarriak dira Andra Mariaren eliza eta udaletxea. v Historia. Sestaoko auzoak, Santurtzi eta Trapagako herriekin batera, kontzeju bakarra osatzen zuen Somorrostroko haranean, Enkarterrietan, XIV-XV. mendeetan. 1805. urtean bereizi zen Sestaoko herria Santurtzi eta Trapagatik udalerri askea osatzeko. Udalerriaren hazkundea eta garapena, aldiz, ez zen XIX. mendea arte gauzatu, hots, industrializazioaren eta burdinbidearen etorrera arte. Lehen industria garrantzitsua (Nuestra Señora del Carmen) 1854. urtean finkatu zen Sestaon. XIX. mendearen bukaeran beste industria garrantzitsuak sortu ziren Sestaoko herriaren inguruan (La Vizcaya, Iberia, La Naval edo Euskalduna, Ibaizabalgo Ontziolak). Azken biek eta arestian aipaturikoak bat egin zuten XX. mendearen hasieran Bizkaiko Labe Garaiak sortzeko. Hazkunde demografiko handia izan zuen industrializazioarekin batera: 4.374 biztanle 1877. urtean; 10.933 biztanle 1900. urtean; 15.579 biztanle 1920an; 18.625 biztanle 1940an; 24.922 biztanle 1960an; 41.868 biztanle 1975ean eta 38.148 biztanle 1986. urtean.