Serkin, Rudolf
Estatubatuar piano jotzailea, jatorriz austriarra (Eger, 1903 - Guilford, Surrey, 1991). Vienako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Bost urte bete zituenetik, nabarmen ikusi zen Serkin haur prodijioa zela. 1915ean egin zuen debuta Vienako Orkestra Filarmonikoarekin Mendelssohn-en Lehenengo kontzertua-n. Hamazazpi urte zituela Adolf Busch ezagutu zuen; harreman horrek eragin handia izan zuen Serkinen karreran. Alemaniar biolin jotzaile handiak bere etxean hartu zuen eta ganbera musikara zuzendu zuen. Garai horretan Marcel Moyse (txirula jotzailea) eta Aubrey Brain-ekin (tronpa jotzailea) Brandeburgoko bosgarren kontzertua grabatu zuen. 1933an Adolf eta Hermann Busch-ekin Suitzara joan zen, eta urte horretan bertan egin zuen debuta Estatu Batuetan. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Toscaninik bakarlari gisa aritzeko deitu zion 1934 eta 1936an. 1935ean Aldolf Busch-en alaba zen Irenerekin ezkondu zen. 1939an Estatu Batuetan hartu zuen bizilekua eta bertako hiritartasuna hartu zuen. Urte horretatik aurrera Filadelfiako Curtis Institutuko irakasle gisa aritu zen lanean. 1950ean, Clara Haskil-ekin batera Prades-eko jaialdian parte hartu zuen. Adolf Busch-ekin batera 1951n Marlboroko (Vermont, Estatu Batuak) Jaialdia sortu eta zuzendu zuen. Bertan bildu ziren garai horretako ganbera musikako musikari handienak. XX. mendeko musikan ere zeinbat saio egin zituen Serkinek: McDowell-en kontzertua 1938an, Adolf Busch-en sonata bat, Martinùren sonata bat (1957) eta A. Schnabelen hirukote bat.