Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Serjio

Lau aita santuren izena. v Serjio I.a, santua. 84. Aita Santua, 687-701 urteetan (Sirian jaioa - Erroma, 701). Aita Santu hautatu zuten Paskual eta Teodoro antipapen hautagaiak gaindituta. Akileako zismari amaiera eman zion, errege frankoen misio lanez arduratu zen eta Ingalaterrako eliza bultzatu zuen. Mezako liturgia aldatu zuen. Jaieguna, irailaren 8a. v Serjio II.a. 102. Aita Santua, 844-847 urteetan (Erroma, ? - Erroma, 847). Gregorio IV.aren aita santutza garaian Erromako artzapezpikua izan zen eta, hura hil zenean, haren lekua hartu zuen. Mendekotasuna agindu behar izan zion Lotario enperadoreari. Eraikuntza handiak egiteari ekin zion, horretarako zein diru iturri erabili zituen argi ez badago ere. Bere garaikideek gehiegikeria haien aurkako zigor gisa ikusi zuten 846-847 urteetako sarrazenoen inbasioa. v Serjio III.a. 119. Aita Santua, 904-911 urteetan (Erroma, ? - Erroma, 911). Aita Santu izendatu zuen bere burua frankoen laguntzaz. Harekin hasi zen Pornokrazia izeneko garaia. Seme bat izan zuen Mazoriarekin, Joan XI.a, 125. Aita Santua izango zena. v Serjio IV.a. 141. Aita Santua, 1009-1012 urteetan (Erroma, ? - Erroma, 1012). Aita Santu eskuzabala eta jeloskorra izan zen Joan XVIII.a bere aurrekoa bezala, baina ezin izan zuen tuskulotarrek Erromaren gainean zuten diktadura saihestu.