seminola
iz. eta izond. Etnogr. Ipar Amerikako indiar herri bateko kidea. XVIII. mendearen bukaeran creek, okoni, mikasuki eta eufola herriek Floridako iparraldean hartu zuten bizilekua, eta 1775etik aurrera seminola deitu zitzaien muskogee hizkuntzaz mintzo ziren indiar hauei. Seminolek babesa ematen zieten esklabo beltz eta indiarrei eta gerretako iheslariei. Ehiza eta arrantza zuten bizibide. Hiru gerra izan ziren seminolen eta Estatu Batuetako gobernuaren artean. Lehenengoa 1817an hasi zen; Floridara ihes egindako esklabo beltzak harrapatzearen aitzakitan Jackson jeneralak Florida inbaditu zuen; 1819an Espainiak eta Estatu Batuek hitzarmen bat sinatu zuten eta Florida Espainiaren mende geratu zen. Bigarren gerrak 1836tik 1846ra iraun zuen. Estatu Batuetako gobernuak seminolak Missouriko erreserbetara eraman nahi zituen; seminolek ez zuten onartu erbesteratze hori eta borrokan ari izan ziren harik eta soldaduek Osceola buruzagia azpikeriaz atxilotu zuten arte. Orduan seminolak Oklahomara eraman zituzten, creek nazioa bizi zen erreserbara. Seminolei eta txeroki, txickasaw, creek eta txoctaw herriei “bost tribu zibilizatuak” esan zitzaien. Leinu bakoitzak gobernu autonomo bat izan zuen hamabost urtez, Estatu Batuetako gobernuaren ereduari jarraitzen ziona, baina 1907an Oklahoma estatu bihurtu zenean indiarren gobernu horiek desagertu egin ziren. Estatu Batuetako gobernua Floridan geratu ziren seminolak mendean hartzen saiatu zen eta hirugarren gerra hasi zen, 1855etik 1858ra iraun zuena. Azkenean Estatu Batuek beren lurraldea erosi zieten seminolei eta mendebalera eraman zituzten. 1970. urtean mila seminola inguru geratzen ziren Floridan.