Schwarzkopf, Norman
Estatubatuar jenerala (Trenton, New York, 1934). West Point Akademian egin zituen militar ikasketak. Gero, Hego Kaliforniako Unibertsitatean, master bat egin zuen urrutiko kontrolez gidaturiko misilen ingeniaritzan. Vietnameko gerran Saigoneko gobernuaren aholkulari izan zen eta bertako soldaduen prestakuntza lanetan aritu zen. 1965ean komandante izendatu zuten, eta Asiako hego-ekialdeko gerran parte hartu zuen. Aurrerago, Fort Stewarteko (Georgia) infanteria mekanizatuko 24. dibisioko komandante gisa, 1983an Karibeko Grenada uhartea inbaditu zuen gudarosteko bigarren buru izan zen. 1988an Ameriketako Erdiko Komandoaren ardura hartu zuen; gudaroste horren helburua Sortalde Hurbila, Asia Mendebaldea eta Afrika Sortaldea kontrolpean edukitzea da. 1990eko abuztuan Persiako golkoan hedatu zen gudarostearen buru izendatu zuten. Berak jarri zuen abian Desertuko Ezkutua izeneko operazioa Macdill-eko (Tanpa) hegazkin basetik; gero, hilaren bukaeran, Saudi Arabiako desertura aldatu zuten kuartela. 1991ko urtarrilean hasi zen nazioarteko gudarosteen erasoa (Desertuko Ekaitza) Iraken aurka, Schwarzkopfen gidaritzapean. Zortzi hilabetez gudaroste aliatuaren buru egon ondoren, apirilaren 21ean Tanpara itzuli zen, eta abuztuaren 30ean, gudarostean hogeita hamabost urtez aritu ondoren, erreserbara pasa zen. Domina asko irabazi ditu: Ingalaterrako Elisabet II.a erreginak bosgarren izar sinbolikoa eman zion (Estatu Batuetako Kongresuak ukatzen diona, Desertuko Hartza Estatu Batuetako elezaharretako militarrekin ez berdintzeagatik) eta Ohorezko Zaldunaren Ordena, 1991ko maiatzean. Estatu Batuetako lehendakari George Bushek Askatasunaren Domina eman zion, 1991ko uztailean. Kuwaiteko emir Jaber al-Ahmed al-Sabah-k Urrezko Domina ezarri zion, herrialde hartako ohorezko sari nagusia. Ohorezko Legioaren Ordenaren Domina eman zioten eta ohorezko lehen mailako legionario izendatu zuten, 1991ko uztailean. Halaber, Ellis Island-en Ohorezko Domina eman zioten, Estatu Batuetara joandakoen edo haien seme-alaben adorea saritzen duena.