Scofield, Paul
Britainiar antzezlea (Hurstpierpoint, 1922 – Sussex, 2008). Londresen egin zituen ikasketak. 1946 eta 1947. urteetan ospe handia lortu zuen Shakespeareren obrak jokatuz, Stratford-upon-Avon-en. Hurrengo urteetan bere errepertorioa zabalduz joan zen, eta, besteak beste, Txekhoven Antxeta (1949) obran, eta Graham Greene-ren egokitzapen batean –Aginpidea eta aintza (1956)– parte hartu zuen. Baina bere antzezpenik ospetsuena Thomas More santu, estadista eta idazlearena izan zen, A Man for All Seasons-en (1960-1962, Londres eta New York). 1962an Antoinette Perry saria jaso zuen antzezpen horregatik, eta baita Oscar saria ere, 1966an, obra horren zinemarako bertsioan egindako lanarengatik. Arrakasta handiz jokatutako beste paper batzuk: Rikardo II (1953); Hamlet (1955); Vania osaba (1970), eta Volpone (1977).