Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sardinia

(Sardinieraz Sardigna). Italiako hegoaldeko uhartea eta eskualdea, Tirreniar itsasoan (Mediterraneo itsasoa), Kortsikako uhartearen hegoaldean, Italiako penintsularen mendebalean. Mendebaleko Mediterraneoko uharterik handiena da Siziliakoaren ondoren. 24.090 km2 eta 1.660.000 biztanle. Hiriburua, Cagliari (sardinieraz Casteddu). v Orografia. Uharte menditsua da oro har eta ipar-mendebaleko Nurra-ko penintsula eta hegoaldeko Campidano-koa baizik ez dira eremu zelaiak. Uhartearen ekialdean dago mendialde garaiena (1.834 m Gennargentu mendian) eta mendebalean sumendiek eragindako mendiak daude. Flumendosa da ibai nagusia eta Gennargentu mendian du iturburua. Klima mediterranearra da; neguak epelak dira eta udak beroak oso. Udazkenean egiten du euria. Klima horri lotuta, artea eta pinua dira zuhaitz ugarienak. v Biztanleak. Italiako biztanle dentsitaterik txikienetakoa duen eskualdea da. Sardoak, Sardiniako biztanleak, uhartearen barnealdean bizi dira, uharteko bi hiri nagusiak, Cagliari eta Sassari hain zuzen, kostaldean dauden arren. Lau probintziatan banatua dago: Nouro, Cagliari, Sassari eta Oristano. Hizkuntza ofiziala italiera bada ere, sardiniera (sardu) da hiztun gehienek darabiltena (% 80) eta Alguer-en (uhartearen ipar-mendebalean) katalaneraz ere mintzo dira biztanle askok. v Ekonomia. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira ekonomia jarduera nagusiak. Industria gutxi garatua dago eta geroz eta garrantzi handiagoa du uharteko ekonomian kostaldeko turismoak. v Historia. Neolitos Arotik aurrera kultura indartsu batzuk garatu ziren Sardiniako uhartean. K.a. VII. mendean portu-hiriak sortu zituzten bertan feniziarrek, eta K.a. VI. mendean greziarrak saiatu ziren uhartea kolonizatzen. Gerra punikoen ondoren, erromatarren mendean geratu zen, baina luzaroan izan zen Erromako agintearen aurka borrokatu zirenen babeslekua. K.a. 49. urtean Zesarrek okupatu zuen uhartea berriro, baina barnealdea kolonizatu gabe egon zen luzaroan. Bandaloen, bizantziarren eta musulmanen mendean egon ondoren, XI. mendean nagusitu ziren Pisa eta Genoa uhartean eta ondoren elkarren artean borrokatu ziren bi hiriak haren alde. 1326. urtean Aragoi eta Kataluniako koroaren mendean geratu zen, eta kostaldea kolonizatu zuten. 1708an Austriako etxea jabetu zen uharteaz eta 1720an Piamonterekin elkartu zuen Savoiako etxeak Sardiniako erreinua. Frantziako iraultzaren ondoren, XVIII. mende bukaerako urteetan, Frantziaren mendean geratu ziren Savoiako etxearen lurrak, eta 1815ean, Napoleonen inperioa erabat deuseztatu zenean, Savoiako etxearen eskuetara igaro zen berriro. 1861. urtean Viktor Manuel II.a Savoiakoa Italiako errege izendatu zutenean, Italiako erreinuko lurralde bihurtu zen. Lehen Mundu Gerraren ondoren, politika alorrera azaldu ziren sardiniar abertzaleak. 1948an sortu zen Sardiniako lurralde autonomoa, estatutu eta erakunde bereziez hornitua.