Sarasola Errazkin, Ibon
Euskal idazle eta hizkuntzalaria (Donostia, 1946). Ingeniaritza ikasketak egin zituen Donostian eta Filosofia eta Letretakoak Bartzelonan. Batez ere hizkuntzalaritza landu du, hiztegiaren alorra bereziki, baina, horrez gainera, literaturari buruzko lanak eta kritikak (1977, Euskal literaturaren historia; 1977an Antonio Cidek gaztelaniara itzulia, Historia social de la Literatura Vasca) argitaratu ditu, eta literatura ere landu du; zenbait itzulpen ere argitaratu du. Euskal Herriko unibertsitatetako irakasle izan da eta gaur egun Bartzelonako unibertsitateko euskal filologiako irakaslea da. Euskaltzain osoa da 1988az geroztik. Euskaltzaindiko Hiztegigintza batzordeko burua eta Euskara Batuko batzordeko kidea da. Euskal filologiako Julio de Urquijo Mintegiko aldizkariaren zuzendaria da. Koldo Mitxelena hil zenez geroztik Orotariko Euskal Hiztegiaren arduraduna da; gaur egun Hauta-lanerako euskal hiztegia egiten eta argitaratzen dihardu. Lan nagusiak: Poemagintza (1969), Txilardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza (1975), Euskal hiztegi arauemailea (1977-79), Jon eta Ane zigarro bat erretzen eleberria (1977), Gaurko euskara idatziaren maiztasun-hiztegia (1982). Hiztegigintza izan da azken urteotan ere bere jarduera nagusia, Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordearen buru denetik bere ardurapekoak izan baitira alor horretan Euskaltzaindiak esku artean dituen bi ekimen nagusiak: Orotariko Euskal Hiztegia eta Hiztegi Batua. 1997an, bestalde, Euskara batuaren ajeak izenburuko saiakera eman zuen argitara, euskalgintzan eztabaida piztu zuen lana. 2005ean, Orotariko Euskal Hiztegia bukaturik, Zehazki. Gaztelania-euskara hiztegia argitaratu zuen.
- Sarasa
- Sarasate Navascués, Pablo
- Sarasate
- Sarasibar
- Sarasola Treku, Jeronimo
- Sarasola Errazkin, Ibon
- Sarasua Maritxalar, Jon
- Sarasvati
- sar-atera
- Saratov
- sarats*