Saratov
Errusiako mendebaleko hiria eta ibai portua, izen bereko probintziako (100.200 km2 eta 2.646.000 biztanle) hiriburua, Volga ibaiaren ertzean. 918.000 biztanle. Unibertsitatea. Burdinbide eta errepide gune garrantzitsua. Merkataritza eta industria (janari industria, ehungintza, ontziolak, nekazaritzarako makineria, beiragintza, motorrak, kimika industria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, petrolio findegiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Hiritik hurbil gas hobi garrantzitsuak dira, eta 800 km luze den gas-hoditeriari esker, Moskuraino iristen da gasa. Monumentuei dagokienez, aipagarriak dira 1697. urteko Hirutasunaren katedral barroko-errusiarra, Katalina II.aren garaiko apaizgaitegia, 1815. urtean eraikitzen hasi ziren Alexandro Nevski-ren katedrala, Radischev-en jauregia, eta arkeologia museoa.