Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sara

Lapurdiko hegoaldeko udalerria, Ezpeletako kantonamenduan. Sare du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Azkaine eta Senpere; ekialdean, Senpere eta Etxalar (Nafarroa); mendebalean, Bera; hegoaldean, Etxalar. 51,34 km2. 1999ko erroldaren arabera, 2.204 biztanle (saratarrak). Auzo nagusiak: Sara, Lehenbizkai eta Istilarte. Portua errekak igarotzen du Sarako udalerria. Euskara, lapurtera; euskaldunak % 96. Abere hazkuntza (behi eta ardi azienda), laborantza (artoa, barazkiak, bazkarako landareak) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, udatiarrentzako azpiegituak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Iratzea, Iturbidea, Ibarrola, Haranburua eta Horaburua etxeak. v Historia. Kostaldetik eta Nafarroako mugatik hurbil dagoen herria izan arren, eta udalerrian barrena aurkitu diren aztarnategiek aspaldiko herria dela adierazten badute ere, Erdi Aroko oso dokumentu gutxietan aipatzen da Sarako herria. Historiaurreko haitzuloak, Zugarramurdikoetara heltzen zirenak, XIX. mendean suntsitu zituzten. XV. mendetik aurrera hazi zen hiria eta XVII. mendean euskal literaturaren topagune nagusi bihurtu zen, bertan egon baitzen erretore Axular idazle handia (ik. Sarako eskola). 1790. urtean, Frantziako Iraultzaren garaian, La Palomière («Usategia») izena ezarri zioten frantsesek, eta 1793ko martxoan deportazioan eraman zituzten Sarako biztanle guztiak Landetara. Saran bizi izan ziren goian aipaturiko Piarres Agerreko, “Axular” (XVII. m.), Wentworth Webster euskaltzale ingelesa (XIX-XX m.) eta Jose Migel Barandiaran arkeologo eta antropologoa (XX. m.). Han sortu ziren Jean Ibarrola, 1520. urtean Zuberoako kostüma edo forua idatzi zuen legegizona, eta Joannes Etxeberri eta Jean-Baptiste Elissamburu idazle ospetsuak. v Sarako Eskola. XVII. mendean Lapurdin sorturiko idazle taldea. Sarako, Donibane Lohizuneko, Ziburuko eta inguruko apaizak frantziskotarren komentu batean biltzen ziren, erlijio gaiez jarduteko, euskarazko liburuak prestatzeko eta eragiteko asmoz. Lapurterari literatura maila egokia eskaini zioten. Ez zuten jakituria handiko jendearentzat idazten, ezta ezer ez zekitenentzat ere, eta erabiltzen zuten euskara, lapurtera, herri hizkera arruntetik hurbil zegoen. «Sarako Eskola» izena geroztik eman zaio, eta Axular eta J. Etxeberri Ziburukoa izan ziren talde horretan idazle nagusiak. Kide ziren, halaber, Argaignarats, Guillentena, Haranburu, Haraneder, Hirigoiti, Materre, Pouvreau eta Voltoire.