Sapir, Edward
Estatu Batuetako hizkuntzalari eta antropologoa (Lauenburg, Pomerania, 1884 - New Haven, Connecticut, 1939). Estatu Batuetako hizkuntzalari eta antropologo ospetsuenetako bat izan zen bere garaian. Ipar Amerikako antzinako hizkuntzak aztertu zituen bereziki; kulturaren eta hizkuntzaren arteko harremanez ere arduratu zen, eta estrukturalismoaren aitzindari izan zen Estatu Batuetan. Alemaniako familia judu batean sortu zen eta bost urte zituela joan zen Estatu Batuetara familiarekin batera. Columbiako unibertsitatean egin zituen hizkuntzalaritza eta antropologia ikasketak, Franz Boas-ekin. 1910-1925 urteen bitartean Kanadako National Museum erakundeko antropologia arduradun nagusia izan zen; indiar hizkuntzei buruzko lan sakonak egin zituen urte haietan, eta hizkuntzalaritzaren zientzian eta teorian ere aurrerapen handiak egin zituen. 1921. urtean idatzi zuen saiakera liburu garrantzitsuena, Language (Hizkuntza). Obra horretan, hizkuntzalaritza sinkronikoaren garrantzia azpimarratzen zuen, estrukturalisten modura, baina garrantzi handia eman zien baita ere, alde batetik, antropologiari (ethnolinguistics edo etnologian oinarrituriko hizkuntzalaritza sortu zuen Sapirrek) eta, bestetik, lexikologiari eta semantikari. Teoriaren arazo formalez ere arduratu zen, eta 1925ean fonemaren azalpen bat egin zuen, Pragako Eskolako hizkuntzalarien lanetatik abiatu gabe. Semantikako irizpideetatik abiatuz, munduko hizkuntzen tipologia bereziak aztertu zituen, eta sintaxiaren alorrean, Zellig Harris-en eta Noam Chomsky-ren lanen aitzindaritzat hartua da. Obra nagusiak: Language (1921, Hizkuntza), Selected Writings of Edward Sapir in Language, Culture and Personality (1949an argitaratua, Edward Sapir-en idazlan hautatuak).