sapindal
izond. Bot. Angiospermoen klaseko izen bereko ordenako zuhaitzez, zuhaixkez, aihen-landareez eta belarrez esaten da. Gehienak, hala ere, zuhaitzak dira, eta oso bakanak belar egitura dutenak. 9 familia eta 2.300 bat landare mota biltzen dira sapindalen artean. Familietan zabalduena eta ezagunena sapindazeoa da. Elkarren aurka edo txandaka antolatutako hostoak izan ditzakete. Sapindal mota gehienek hosto elkartuak dituzte, hiru hosto txikiz, orratz itxurakoz edo esku egitura dutenez osatuak. Lorea gehienek sexu bikoa eta monoikoa dute, 3-5 lore-hosto eta sepalotakoak eta mordoan antolatuak. Fruitua, berriz, kusku, intxaur edo baia egiturakoa izan dezakete. Lurralde bero eta epel guztietan hazten dira.