Sánchez, Luis Alberto
Peruar poligrafoa, politikaria eta hezitzailea (Lima, 1900 - Lima, 1994). Peruko literaturan garrantzi handiko pertsona da, eta baita pertsona zaila eta polemikoa ere. San Marcoseko Unibertsitateko errektore izan zen eta doctor honoris causa Kolonbia, Hego Korea eta Guatemalako unibertsitateetan. Politikari dagokionez Hezkuntzako ministro izan zen 1946tik 1948ra, eta Lehen ministro izan zen 1989an. Idazle gisa, Sánchezek liburu asko idatzi ditu, genero eta estilo guztietakoak. Letretako, historiako eta zuzenbideko doktore tituluak lortu zituen. Kulturan eta hezkuntzan egin zuen lanaren ondorioz, 1987an hezkuntzako Andrés Bello saria eman zioten. Peruko Hizkuntzaren Akademiako kide izan zen, eta baita Literaturaren Iberoamerikako Institutuko kide ere. Politikan izan zuen ibilbidea, aldiz, zailagoa izan zen. Peruko Alderdi Apristan sartu zen 1931n, Ameriketako Batasun Iraultzailearen baitan (APRA). 1946an lortu zuen politikako garrantzizko lehenengo kargua, Hezkuntzako ministroarena. Kargu horretan 1948. urtea arte aritu zen. Hiru alditan egon zen erbestean, 1932, 1934 eta 1948an. Erbestean izan zen garai horietan hezkuntzan aritu zen Estatu Batuetan, Frantzian, Israelen eta Libanon. Alan Garcíak, 1985ean hauteskundeak irabazi zituenean, Peruko gobernuko lehendakariorde izendatu zuen Sánchez. 1989an, lau hilabetez, Garcíaren ordezko izan zen, baina dimisioa aurkeztu zuen 1990eko hauteskundeetan lehendakariorde aurkezteko. Ehun liburutik gora idatzi zituen, genero askotakoak, hala nola eleberriak, lan historikoak, monografiak, literatura kritika, saiakerak. Aipatzekoak dira, besteak beste: Góngora en América (1927, Góngora Ameriketan), Don Manuel (1931), Una mujer sola frente al mundo (1942, Emakume bat bakarti munduaren aurreran), Historia general de América (1944, Ameriketako Historia Orokorra), El Perú: retrato de un país adolescente (1959, Peru: herrialde gazte baten erretratua), La juramentación del diario Beltrán (1977, Beltránen egunkariaren zin egitea).