Sánchez Vicario, Emilio
Espainiar tenis jokalaria (Madril, 1965). Arantxaren anaia. ATPko bosgarren izatera iritsi zen. 1983-1989 urteen bitartean hainbatetan izan da Espainiako txapeldun. Nazioarteko txapelketei dagokionez, finalista izan zen 1981ean 16 urtetik beherakoen Europako txapelketan. Hurrengo bi urteetan Valerio kopako finalista izan zen. 1983. urtean 18 urtetik beherako txapelketako bigarren izan zen. 1984. urtean Davis kopan egin zuen debuta, Campiñas lehiaketa irabazi zuen eta Bariko Sari Nagusian final erdietan geratu zen. 1986an Munich eta Nizako irekiak irabazi zituen. 1987an parte hartu zuen txapelketen artean aipatzekoa da Roland Garros eta Wimbledon txapelketetan final hamaseigarrenetara iritsi izana. Frantziako Nazioarteko txapelketa eta Estatu Batuetako Irekia irabazi zituen, urte horretan bertan. 1988an Wimbledoneko finaletara iritsi zen, eta 1990ean ATPko zazpigarren izatera iritsi zen. 1992an irabazle izan zen bakarka eta bikoteka (Casal-ekin) Sydney, Hanburgo, Kitzbuhel eta Bordelen. 1993an ez zuen txapelketarik irabazi bakarka, baina bai bikoteka, Genoa, Tel Aviv, Sao Paulo eta Palermon. Urte horretan ATPren 41. lekura jaitsi zen.