Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San Millan de la Cogolla

(Eusk. Donemiliaga Kukulla). Errioxa Garaiko hego-mendebaleko herria. 311 biztanle. 728 m-ko garaieran dago, Cardenas Najerilla ibai adarraren ertzean. Guztiz ospetsua da hango monasterioa. VI. mendean sortu zuen Millán santuak lehen monasterioa, mendi baten hegal bateko leizeetan. 931. urtean beneditarrentzat monasterio bat eraikiarazi zuen han Gartzea Santxeitz Nafarroako erregeak, eta XII. mendean osatu zen hango eliza mozarabea, hilobi eta beste hornidura erromaniko batzuekin (Monasterio de Suso “Goiko monasterioa”). XVI. mendean hasieran eraiki ziren monasterio berria eta aldameneko etxeak (Monasterio de Yuso “Beheko monasterioa”). Errioxako Albeldakoarekin batera, Nafarroako erreinuko monasterio garrantzitsuena izan zen X. mendean. Mende horren erdialdean latinez idatzi ziren kode batzuei eginiko glosa edo iruzkinak dira paperean idatzirik aurkitu diren gaztelaniazko lehen esaldiak, tarteka euskarazkoak ere badirela.