Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San Martín, José de

Argentinar abertzalea, Hego Amerikako herrien indepentziaren aitzindaria (Yapeyu, Rio de la Plata, 1778 - Boulogne-sur-Mer, Frantzia, 1850). Espainiar militar baten semea zen, eta sei urte zituela Madrila joan zen familiarekin. Madrilen egin zituen lehen ikasketak, eta 1789an sartu zen gudarostean. Hogei urte eman zituen Espainiako gudarostean eta frantsesen aurka borrokatu zen Espainiako independentziako gerran (1808-1811). 1811n, teniente-koronel zela, Espainiako gudarostea utzi zuen, Buenos Aires-ko hiria espainiarren aurka matxinatu zela jakin zuenean. Londresa joan zen eta, Miranda eta Bello argentinar abertzaleekin egon ondoren, Buenos Aires aldera joan zen zuzenean. Errezelo handiz hartu zuten han, hogeita bi urtez egona baitzen Espainiako gudarostean. Buenos Aires-ko gudarostea antolatu zuen, eta 1813an garaipena lortu zuen San Lorenzo de Parana-ko oste espainiarren aurrean. Tucuman aldera bidali zuten gero, Manuel Belgrano jeneralari Peruko erregeorgearen gudarostearen aurka laguntzeko, eta han lan handia egin zuen soldaduak prestatzen. Buenos Aires-tik aparte egon nahi izan zuen beti, eroso ez zegoelako hiri hartan, eta Perura jo zuen. 1814an Cuyoko herrialdeko gobernari egin zuten. Txiletik zetozen iheslariek (Bernardo O’Higgins, Txileko askatzailea, buru), ordea, Ande mendien bestaldeko lur haietara bultzatu zuten, eta 1817ko urtarril-otsailean Ande mendiak igaro zituen gudari talde batekin; urte hartan bertan sartu zen Santiagoko hirian. 1818an amaitu zen Txileko independentziaren aldeko gerra Maipu-n. Handik aurrera Peru askatzeko itsas-armada prestatu zuen, eta harantz itsasoratu zen 1820an. Paracas-en lehorreratu ondoren, negoziazioa eskaini zien bertako agintariei. Espainiarrek ez zuten amore eman nahi izan eta Liman sartu zen 1821eko uztailean. Peruko indenpendentzia aldarrikatu zuen, lurralde gehienak espainiarren esku zeuden arren, eta enbaxadoreak bidali zituen Europara Peruko erreinu berria onar zezaten. 1822an sartu zen Guayaquil-en, eta Simón Bolívar-ekin elkartu zen hiri hartan (1822ko uztaila). Elkarrizketa hartan hitz egin zena ez da zehatz ezagutzen; garbi dago, ordea, haren ondoren behera etorri zirela San Martín-en asmo guztiak. 1822ko irailean, Limara itzulirik, Perun zituen kargu guztiak utzi zituen (1824an amaitu zen Peruko independentziaren aldeko gerra Ayacucho-n). Txilen eta Mendozan egonaldi txiki batzuk egin ondoren, Europara joan zen, eta ez zen berriro Amerikara itzuli.