Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

San Marino

(Izen ofiziala, San Marinoko Errepublika; It., Repubblica di San Marino). Europako hegoaldeko estatua, Italiako penintsularen erdialdean eta Itsaso Adriatikotik hurbil, Italiako estatuko Emilia-Romagna eta Marche eskualdeen artean dagoena. 61,19 km2 eta 29.973 biztanle (2008, sanmarinoarrak). Italiako estatuak inguratzen du. Hiriburua: San Marino (4.200 biztanle). Hiri nagusiak: Serravalle/Dogano, Borgo Maggiore, Murata eta Domagnano. Hizkuntza ofiziala: italiera. Gizataldeak: sanmarinoarrak, % 83,8; italiarrak, % 15,7; besteak, % 0,5. Erlijioa: katolikoa, % 95,2; erlijiorik ez, % 3; besteak, % 1,8. Dirua: euroa eta italiar lira. Europako estatu independente txikienetako bat da San Marino (Vatikanoko Hiria eta Monako bakarrik dira txikiagoak), eta munduko bigarren errepublika txikiena da, Naururen ondoren. Itsasorik ez du, eta Italia erdialdean dago kokatua, Apenino mendien ekialdeko maldan; Titano mendia (739 m) da herrialdeko goratasunik handiena. Italia XIX. mendean bateratu zen arte, bertan izan ziren hiri-estatu ugarietako bat izan zen San Marino, eta gaur egun geratzen den bakarra da. Herrialdearen independentzia Italiarekin duen adiskidetasunezko itun batek bermatzen du; lehen aldiz 1862an izenpetu zen, eta 1939an eta 1971n berrikusi; azken zuzenketaren ondoren, aduana sindikatu bat sortu behar izan zuen San Marinok, eta Italiak San Marinori urtero dirulaguntza emateko konpromisoa hartu behar izan zuen, San Marinoko aurrekontua osatzeko. Errepublika antolatzen dute legeak Erdi Aroan aldarrikatuak dira. Biztanleak. San Marinoko biztanleen ezaugarriak italiarrenak berak dira; italiera da haien hizkuntza, eta katolikoak dira gehienak, italiarrak bezala. Ez dago diru propiorik, eta lira eta euroa dira, Italiako diruak, bertakoak. Demografia datuak ere italiarrenak dira, eta orobat bizi mailari dagozkionak. San Marinoko hamar biztanletik bederatzi hirialdean bizi dira. Hiri nagusia Sarravalle da, iparraldean, bertan bizi baita San Marinoko biztanle guztien heren bat ia. Hiriburua San Marino da, 4.000 biztanle inguru du eta Titano mendiaren maldetan dago kokatua. Aipagarria da halaber Borgo Maggiore hiria, mendiaren behealdean dagoena. Ekonomia. San Marinoko ekonomia jarduera nagusiak industria, turismoa, merkataritza, nekazaritza eta eskulanak dira. Posta zigiluak dira San Marinoko beste diru sarrera garrantzitsua. Ez dago mea baliabide aipagarririk. Esportazioei dagokienez, bertako mahatsez eginiko ardoa, egur makinak, kimika eta zeramika gaiak aipatu behar dira; garai batean eraikuntzarako gaiak oso garrantzitsuak ziren esportaziorako, baina gaur egun, Titano mendiko harrobiak itxi baitira, ez dago halakorik. Laborantza gaietan, garia, artoa, garagarra eta mahatsa egiten dira. Abere hazkuntzak eta esnegintzak ere badute garrantzirik. Industrian, industria arina da gaur egun nagusi; ekoizten diren gai nagusiak hauek dira: margogaiak, papera, metalezko lanak, jantziak, oinetakoak, altzariak, elikagaiak eta kosmetika gaiak. Elikagai asko inportatzen dute Italiatik. Barne produktu gordina italiarraren parekoa da. Historia. Elezeharraren arabera, IV. mendean, Marino dalmaziar hargina eta harekin batera Diocleziano enperadorearengandik ihesi zihoazen esklabo batzuk Titano mendian babestu ziren. Kristau talde bat sortu zen, eta herri bat, geroago, sortzailearen izenaz deitu zena. X. mendea arte, San Marinoko herriak bere legeak izan zituen, eta geroago, Lonbardiakoak hartu zituen. XI. mendean San Marinok komuna bat osatu zuen, bere estatutuekin, eta gremio bakoitzeko ordezkariekin. Hurrengo mendean, inguruko jauntxoen erasoak gorabehera, burujabetasunari eutsi zion, lurraldearen kokapenari eta mendietako gotorlekuei esker. Rimini hiriko Malatesta familiaren erasoen aurrean, Urbinoko Montefeltro familiaren laguntza izan zuen, eta onik atera zen guelfoen eta gibelinoen arteko liskarretatik. XV. mendearen erdialdean errepublika bihurtu zen, 60 kidez osatutako Batzorde Nagusia zuena. XVI. mendean zenbait erasori aurre egin zion, eta urte batzuetan Cesar Borgiaren mendean egon arren, burujabetasuna gorde zuen. XVII. mendean, Batzordea oligarkia baten aginpidean geratu zelarik, errepublika gainbehera etorri zen. 1739an burujabetasuna galdu zuen, Aita Santuaren estatuen mendean erori baitzen. 1797an Napoleonek eta 1815ean Vienako Kongresuak San Marinoren burujabetasuna berretsi zuten. Italiako Risorgimiento-an italiar abertzaleen babesleku izan zen. Italiako estatua sortu zenean adiskidetasun hitzarmenak izenpetu zituzten bi herrialdeek, 1897an eta 1939an. 1957an, alderdi kristau-demokrata eta sozial-demokratak osaturiko ezkerreko koalizioa batek hartu zuen gobernuaren buruzagitza. Koalizio horrek 1973 arte iraun zuen, baina, eztabaida politikoak sortu baitziren, gobernualdi laburreko garai bat hasi zen. 1978an komunistak buru ziren koalizioa igo zen berriro agintera. Berriz hautatu zuten 1983an, baina finantza eskandalu bat zela-eta, 1986an nagusitasuna galdu zuen; urte horretan bertan, kristau-demokraten eta komunisten arteko koalizio bat sortu zen. 1992ko martxoan, kristau-demokratek beste koalizio bat osatu zuten sozialistekin, eta haiek lortu zuten berriz ere nagusitasuna 1993ko maiatzeko hauteskundeetan. 1988an, Europako Kontseiluan sartu zen; 1992an, berriz, Nazio Batuen Erakundean, eta, 2002an, euroa hartu zuen dirutzat, nahiz Europako Batasunean ez egon.
http://www.consigliograndeegenerale.sm/new/index.php3