San Lorentzo
(Ing. Saint Lawrence; Fr. Saint Laurent). Ipar Amerikako ekialdeko ibaia, Ozeano Atlantikora aldeko isuria dutenen artean garrantzitsuena. 1.167 km luze da eta 1.000.000 km2-ko ibai-arroa hartzen du. Aintzira Handietan du iturburua, eta Superior aintziraren mendebalean hasten da San Lorentzo ibaiaren arroa. Ontario aintziratik irteten denean ipar-ekialdera jotzen du eta San Francisco eta San Luis aintzirak eratzen ditu. Ottawa ibaiaren ura biltzen du ondoren hiru adarren bidez eta Montréal-go uharteditik uraz behera San Pedro aintzirara sartzen da. Aintziratik behera, Trois-Rivières hiritik hurbil, San Maurizio ibaia jasotzen du eta handik, Québeck arte, Levis mendien eta Diamante lurmuturraren artean igarotzen da ibaia. Québec-eko hiria igaro ondoren hasten da ibaiaren estuario zabala (19 km zabal Tadoussac-en; 42 km zabal Matane-n, Saguenay ibairen ura jaso ondoren). Ozeano Atlantikoan isurtzen du, azkenik, ura, San Lorentzo golkoan. Ibilgu osoan zehar ontziz ibil daitekeen arren, izoztu egiten da urtean hiru hilabetez. Hala eta guztiz ere, munduko ibai garrantzitsuena da merkataritzari dagokienez, eta Kanadako lehen mailako komunikabidea da horrenbestez. Ibai-ibilguaren erregulartasunik eza (ur-lasterrak) dela eta, ubideak eta ur-hesiak eraiki behar izan dira.