San Jose
Estatu Batuetako mendebaleko hiria, Kaliforniako estatuaren erdi-mendebalean, Coyote ibaiaren ertzean, San Franciscoko badiatik 12 bat km-ra. 723.960 biztanle (1.401.600 biztanle ditu hirialdeak; 5.514.000 biztanle ditu San Jose-San Francisco-Oakland hiri multzoak). Unibertsitatea. Nekazaritza eremu oparo bateko (fruitu arbolak, mahastiak, tabakoa) merkataritza gune garrantzitsua da. Industria (janari industria, tresneria mekanikoak eta elektrikoak, hegazkingintza) da ekonomia jarduera nagusia. v Historia. 1777. urtean sortu zuten hiria espainiarrek; haiek Kalifornian izan zuten lehen bizilekua izan zen. Kaliforniako estatuko hiriburua izan zen 1849-1851 urteetan.