Samoa edo Mendebaldeko Samoa
(Izen ofiziala, Samoako Estatu Burujabea; Samoeraz, Malo Tuto’atasi edo Samoa i Sisifo; Ing. Independent State of Western Samoa). Ozeaniako estatua, Ozeano Barearen hego-erdialdean, Zeelanda Berritik 2.900 km ipar-ekialdera, Polinesiako Samoa uhartediko mendebaldeko uharteek osatua. 2.842 km2 eta 217.083 biztanle (2008, samoarrak). Mugak: iparraldean, Tokelau (Zeelanda Berriarena); ekialdean, Ekialdeko Samoa (Estatu Batuena); hegoaldean, Tonga; mendebaldean, Wallis eta Futuna (Frantziarena) eta Tuvalu. Hiriburua: Apia, Upolu uhartean (32.196 biztanle, 1986). Hiri nagusia: Tuasivi. Hizkuntza ofizialak: samoera eta ingelesa. Etniak: samoarrak, % 92,6; europar-polinesiarrak, % 7; europarrak, % 0,4. Erlijioa: kristauak, % 99,7 (gehienak protestanteak eta katolikoak); besteak, % 0.3. Dirua: tala. Biztanleak. Samoako biztanle gehienak polinesiarrak dira jatorriz, eta, Zeelanda Berriaren ondoren, bertan bizi da polinesiar jatorriko talderik handiena. Samoako jatorrizko hizkuntza, samoera, Polinesiako hizkuntza zaharrena da. Biztanleen banaketari dagokionez, Samoako lurraldea osatzen duten sei uhartetatik lautan bakarrik bizi da jendea: Savai'i eta Upolu (azken horretan bizi da biztanleen % 60 inguru), dira handienak; Apolima eta Manono txikiagoak dira. Gehienak kostaldean bizi dira, 500 biztanlez beherako herrietan. Historian zehar garrantzi handiko zeregina bete dute lanera atzerrira, batez ere Estatu Batuetara eta Zeelanda Berrira, joandako samoarrek, uharteetara bidaltzen duten dirua laguntza handikoa gertatu delako. Oraindik ere handi samarra da emigrazioa, batez ere egoera ekonomiko kaskarraren eta demografia hazkunde handiaren (urteko % 2 ingurukoa) eraginez. Herrialdeko jaiotza eta heriotza kopuruak garapen bidean dauden herrialdeen antzekoak dira: emakumeko 3,6 haur jaiotzen dira eta mila haur jaioberritik 30 hiltzen. Bizi itxaropena 70 urte ingurukoa da, batez beste. Alfabetatze tasa garaia da, % 98 ingurukoa. Ekonomia. Samoako ekonomiaren ardatzak, tradizioz, garapenerako laguntzak, atzerrira itsasoz haraindiko lurraldeetara emigraturiko familiek igorritako dirua eta nekazaritzako gaien esportazioa izan dira; atzerritik iristen zaion laguntzak betetzen du barne produktu gordinaren erdia inguru. Nekazaritzan dihardute langileen bi heren, eta esportazioen % 90 hartzen dute nekazaritzako gaiek, batez ere koko olioak eta kremak, kakaoak eta koprak; bertako beharretarako ñamea, ogi-arbola eta papaia lantzen dira. Baina hondamen natural gogorrek eraso ohi dute herrialdea, batez ere tifoiek eta landareen eritasunek, eta haien mende dago, hein handi batean, bertako nekazaritzako ekoizpena. Industria ez da oso ugaria, eta dagoen apurra nekazaritzari eta automobilgintzari lotua dago batez ere. Azken urteotan turismoa indar hartzen ari da; 1996. urtean esaterako 70.000 turistatik gora hartu zituen herrialdeak. Samoako gobernuak finantzen alorra liberalizatzeko eta inbertsioak erakartzeko neurriak hartu ditu; gastuak murrizteko ahaleginak egiten ari dira eta zerga berriak sortu dira, eta herritarren artean kontrako jarrera zabaltzen ari da (prezioen igoeraren kontrako manifestazio handiak egin ziren 1997an, esaterako). Etorkizunerako baliabide aipagarrienetako bat, ekonomia adituen ustez, lan merkatuaren malgutasuna da. Gobernua eta administrazioa. Samoa monarkia konstituzional bat da. 1990eko konstituzioaren arabera erregea (Ao edo le Malo) da estatuburua, eta bera da, Lehen ministroarekin batera, aginpide betearazlearen arduradura. Legebiltzarrak (Fono) izendatzen du estatuburua, errepubliketako lehendakariarekin gertatu ohi den bezala, nahiz eta Samoa monarkia den. Erregeak Lehen ministroa aukeratzen du, legebiltzarraren oniritziarekin. Lehen ministroa da gobernuburua, eta ministro kontseiluaren laguntzaz agintzen du. Lurralde antolaketari dagokionez, 11 administrazio barruti ditu. 1997an aldaketak egin ziren konstituzioan, eta ordu arte Samoa Mendebaldeko Estatu Burujabe zenaren izen ofiziala Samoako Estatu Burujabea da harrezkero. Historia. Dirudienez, Samoako uharteetako lehen biztanleak K.a. IX. mendean Tongatik joan ziren polinesiarrak ziren. 1722an Jacob Roggeveen holandar itsasgizona iritsi zen. 1830ean Londresko Misiolari Elkarteko John Williams misiolaria kokatu zen; hark kristau erlijioa irakatsi zion Samoa osoa konkistatu berri zuen Maletoa Vainu’upo buruzagiari, eta, handik gutxira, biztanle guztiak kristau egin ziren. 1850ean sortu zen atzerritarren lehen herria, Apia inguruan. Hurrengo urteetan, atzerritar gehiago iritsi ahala, Samoako uharteak Estatu Batuen, Alemaniaren eta Britainia Handiaren gutizia gai bilakatu ziren. Liskar eta tirabira batzuen ondoren, 1899an, Alemaniaren eta Estatu Batuen artean banatu zituzten. Alemaniak mendebaleko uharteak hartu zituen. 1908an burujabetasunaren aldeko higikunde bat sortu zen, Mau au Pule, Lauaki Namulau’ulu samoar buruzagiaren gidaritzapean. Alemaniar gobernariak gerraontziak deitu zituen, eta Lauaki-k eta higikundeko beste buruzagi batzuek amore eman zuten. Ondoren, epaitu eta erbestera egotzi zituzten. Lehen Mundu Gerran, Zeelanda Berriko gudarosteak uharteak hartu zituen eragozpenik gabe. Samoarrek ondo hartu zituzten zeelandarrak, baina 1918an, gripe izurrite batek uharteetako biztanleen % 20 baino gehiago hil zuenean, Zeelanda Berriaren utzikeriari egotzi zioten hondamendi hura. 1920an, Nazioen Elkarteak Zeelanda Berriaren agindupean utzi zituen uharteak. Uharteetako gobernaria matai buruzagien aginpidea murrizten saiatu zenean, Mau alderdi politikoa sortu zen, O. F. Nelson-en gidaritzapean. Zeelanda Berriko gobernuak legez kanpo ezarri zuen alderdia. 1935ean, Langileen alderdiak Zeelanda Berriko gobernua lortu zuenean, Mau alderdiaren legezkotasuna onartu zen. 1947an, Nazio Batuen (NB) ardurapean geratu zen Samoa. 1962ko urtarrilaren lehenean lortu zuen Samoak burujabetasuna. 1970az gero Commonwealth erakundearen barruan dago, eta 1976az gero Nazio Batuetako kide da. Burujabetasuna eskuratu zuenean bi errege familiaren esku gelditu zen agintea, Tupua Tamasesek Meaole eta Malietoa Tanumafili II.a; lehena hil zelarik bigarrena izendatu zuten hil arteko errege (bera da gaur egun ere Samoako estatuburua). 1970ean Tupua Tamasese Lealofi izendatu zuten Lehen ministro, eta ordu arte nagusi izandako matai leinukoei aurre egiten hasi zen; ordu arte leinuetako buruek ez zuten onartzen atzerriko elkarteak Samoan finkatzea eta Tupua Tamasese Lealofi atzerriko elkarteei lehentasuna ematen hasi zitzaien. 1976 eta 1979. urteetako hauteskundeetan oposizioko burua, Tupuola Taisi Efi izan zen garaile. 1982an Giza Eskubideen Babesaren Alderdiak hartu zuen gobernua (HRPP), baina alderdi haren burua urte berean kendu zuten gobernutik ustelkeriaz eta zegokiona baino eskumen gehiago hartzeaz akusatuta. Alderdi hark berak, ordea, erabateko gehiengoa lortu zuen 1985ean, eta 1988an Tofilau Eti Alesana izendatu zuten Lehen ministro. Haren agintaldian egoera ekonomikoak ez zuen hobera egin, eta egoera kontrolatzeko harturiko neurrien eraginez babes handia galdu zuen hautesleen aldetik, 1996ko hauteskundeetan ikusi ahal izan zenez. Dena dela, bere karguan jarraitu zuen, talde independenteekin elkarturik. 1997an ekonomia apur bat hobetu zen, baina hurrengo urtean Japoniaren eta Malaysiaren krisien eraginez (haiek baitira Samoaren bezero nagusiak), atzerriko kapitala jaitsi egin zen eta langabeziak gora egin zuen. 1999an Tofilau Eti Alesana Lehen ministroak bertan behera utzi zuen kargua, osasun arazoak zirela-eta, eta Fonoak Tuilaepa Sailele Malielegaoi aukeratu zuen gobernuburu, erregearen oniritziarekin; 2001eko eta 2006ko hauteskundeak ere berak irabazi zituen.
http://www.govt.ws/
- samisen
- Samivel
- samizdat
- Sammartini, Giovanni Battista
- Samnio
- Samoa edo Mendebaldeko Samoa
- samoar
- samoera
- samoiedo
- samorro
- Samory Turé