Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Samarkanda

Uzbekistango hego-erdialdeko hiria eta izen bereko eskualdeko (29.200 km2 eta 1.837.000 biztanle) hiriburua, Bukhara-ko hiriaren ekialdean, Zeravshan ibaiaren ertzean. 505.000 biztanle. Unibertsitatea. Nekazaritza produktuen merkataritza eta industria (nekazaritza jarduerarako makineria, larrugintza, janari industria, ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Hiri gotortuak bereizten ditu hiri zaharra eta modernoa. Hiri zaharrean arabiar arkitekturaren moldeetan eraikitako mezkita eta dorre ugari daude, Timur-ek eta haren ondorengoek eginak gehienak. Aipagarriak dira, halaber, Bibi Khanum mezkita handiko patioko harrizko pulpitoa eta Sah-i Zanda mezkitako XIV-XV. mendeetako eraikuntzak. v Historia. K.a. 329. urtean Alexandrok konkistatu zuen; Marakanda izena zuen garai hartan. 712. urtean arabiarrek hartu zuten eta hiri oparo bilakatu zen. 1220. urtean Gengis-Kanek suntsitu zuen eta Timur-en garaia arte ez zen hiria berpiztu. XV. mendean Asiaren erdialdeko musulman intelektualen topagunea izan zen. 1500. urtean, berriz, Bukharako uzbek herriko kideek okupatu zuten eta gainbehera etorri zen hiriaren oparotasuna. 1868. urtean errusiarren mende geratu zen eta Uzbekistango errepublikako hiriburu administratiboa izan zen 1924-1930 urteetan.