Salazar, Dora
Nafar artista plastikoa (Altsasu, 1963). 1981-1986 urteetan egin zituen ikasketak EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta 1986tik 1989ra eskulturako doktoregoa egin zuen. Sari ugari eskuratu ditu: eskulturari emandako Gure Artea 1990ean, Luxenburgoko Gazteriaren Ministerioaren saria 1995ean, Zarauzko Itsas Pasealekua eskulturaz hornitzeko deitu zen lehiaketa 1997an… Bilbon bizi arren, Altsasun du estudioa, eta bertan lan egin ohi du. Eskulturagintzan dihardu gehienbat, baina artegintzaren beste esparru batzuk ere jorratzen ditu, besteak beste, pintura, marrazkiak, liburuetarako ilustrazioak, antzezlanetarako eszenografiak. Bere obran, beste gai askoren artean, pisu berezia dute emakumearen inguruko gaiek. Hala ageri da, esate baterako, 1995eko Corsés eskultura sailean edota Caja de música erakusketan. 2000. urtean, Euskadiko Kutxaren eta Donostiako Artco galeriaren eskutik, Recorridos izeneko liburua eman zuen argitara. Lan horretan, Dora Salazarrek egindako 51 marrazkiren eta Bernardo Atxagaren testuen bidez, Donostiari buruzko hausnarketa egiten da. Erakusketa anitzetan ez ezik, Dora Salazarren obra Nafarroako eta Arabako Arte Ederretako Museoetan, Bizkaiko Batzar Nagusietan, Zarauzko Itsas Pasealekuan –Serie Estructura Forma lan saritua– eta Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean dago, besteak beste, ikusgai.