Saint-Simon kondea
(Claude-Henri de Rouvroy jaiotza izenaz). Frantses filosofoa eta ekonomialaria (Paris, 1760 - Paris, 1825). Aristokraziako familia batean sortu zen. Sortetxean egin zituen lehen ikasketak, eta hamazazpi urte zituela Ipar Amerikako independentzia gerran parte hartu zuen frantses gudarostean. Frantziara itzuli zen iraultzaren garaian; Izuaren garaian preso eduki zuten, noblea zelako. Zientziak ikasi zituen ondorengo urteetan, eta 1803an positibismoa eta gizarte zientzien aitzindari zen lan bat idatzi zuen, Lettres d’un habitant de Genève à ses contemporains (Genevako biztanle baten gutuna bere garaikideei). 1805ean dirurik gabe gelditu zen eta handik aurrera adiskideek emaniko laguntzetatik bizi izan zen. 1807an, Introduction aux travaux scientifiques du XIXème siècle (Sarrera XIX. mendeko zientzia lanei) liburua aurkeztu zuen, 1816an l’Industrie aldizkaria sortu zuen, 1819-1820 bitartean l’Organisateur (Antolatzailea) argitaratu zuen Auguste Comte-rekin batera, eta 1820-1822 urteetan Système industriel (Industria sistema). Idatzi zituen artikulu eta lan guztietan industrialismoari buruzko joera baikorra agertu zuen: Erregimen Zaharra betikoz galdu ondoren, ekoizleek kudeaturiko gizarte mota etorri zen eta berezko harmoniara bildu ziren ondoren enpresa jabeak eta langileak. 1825ean, Saint-Simon hil ondoren, argitaratu zen Nouveau Christianisme (Kristautasun berria), haren obra nagusia. Saint-Simonek sozialismoaren aitzindari izan zen dotrina moldatu zuen; Enfantin, Bazard eta Leroux izan zituen jarraitzaile Frantzian.