Saint-Pierre-et-Miquelon
Frantziako itsasoz harandiko uhartedia eta departamendua, Ternuako hegoaldeko kostaldetik hurbil (Ozeano Atlantikoa). Saint-Pierre eta Miquelon uharteek eta beste uharte txiki batzuek (Colombier, Massacre, Marins, Pigeons, Vainqueur, Pelée) osatua da uhartedia. 242 km2 dira guztira, eta 6.041 biztanle. Saint-Pierre uhartean (5.000 biztanle) dago departamenduko suprefetura hiria, Saint-Pierre; administrazio eta merkataritzagune nagusiak ere han dira. Arrantza da, bestalde, uhartediko ekonomia jarduera eta baliabide nagusia. Klima hotza eta hezea da. v Historia. Bretainiar eta euskal arrantzaleak joan ohi ziren uhartediraino XVI. mendetik aurrera; Frantziak kolonizatu zuen (1670), eta Ternuarako arrantzarako abiapuntu bihurtu zen. Frantziaren eta Ingalaterraren mende egon zen, 1814. urteko Parisko hitzarmenaren ondorioz, erabat Frantziaren eskumenean geratu zen arte. Frantziako itsasoz harandiko lurralde egin zuten 1946an, eta departamendu 30 urte geroago.