Saint-Exupéry, Antoine de
Frantses hegazkin pilotua eta idazlea (Lyon, 1900 - gerran desagertua, 1944). Buenos Aires eta Patagoniaren arteko lehen hegazkin bidaldiak egin zituen, eta raid edo airezko sarraldi lasterrak ere egin zituen (Paris-Ho Chi Minh; New York-Tierra de Fuego). 1929. urtean argitaratu zuen lehen liburua, Courrier-Sud (Hegoaldeko posta); bi urte geroago kaleratu zuen Vol de nuit (Gaueko hegalaldia) obrari esker egin zen, ordea, ezaguna. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen, eta Alemaniak Frantzia garaitu zuenean New York-era egin zuen ihes. Han idatzi zituen Pilote de guerre (1942, Gerrarako hegazkin pilotua) eta Le petit prince (1943, Printze txikia, Xalbador Garmendiak euskarara itzulia) literatura lan ospetsuak. Aliatuen gudarostearekin bildu zen 1942. urtean Afrikako iparraldean eta 1944an itzuli ez zen misio batera bidali zuten. Hil ondoren argitaratu zituzten Lettre à un otage (1944, Gutuna bahitu bati), Citadelle (1948, Hiri gotortua) eta Carnets (1953, Karnetak) obrak.